Urriaren 12an auzolanerako deia egin dute Elizondon, Beran eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 11

Iaz urriaren 12an auzolan eguna egin zuten Lesakan eta erreka garbitzen aritu ziren

Beran Kaxerna gaztetxea txukunduko dute, Elizondon erreka garbitu eta Lesakan auzolanari buruzko solasaldia eginen dute

Jai egun arrotza dela iritzita, auzolan egunak antolatu dituzte eskualdeko hiru herritan. Beran goizeko 10etatik aitzinera Gaztetxea txukuntzeko lanetan arituko dira eta paella jatea ere eginen dute. Elizondon 10:30ean plazan egin dute hitzordua. Eta Lesakan auzolanaren kultura solasaldia eta hameketakoa izanen dira.

Goizeko 10:00etatik aitzinera lan taldeak osatu eta auzolanari ekingo diote Berako gaztetxean. Terraza, sukaldea, Mini-frontoia, Eskalada, Tailerra… txukunduko dituzte. Eguerdian bazkaria eta arratsaldean berriro auzolanean jarraituko dute.

Azken urteetako ohirurari eutsiz, Lesakako Gazte Asanbladak lan eguna izanen du urriaren 12a. Aurten, Auzolanaren kultura solasaldia eskainiko du izen bereko liburuaren egile den Jasone Mitxeltorena etxalartarrak, Auzolan Ekimeneko kideak. Ondotik hameketakoa izanen dute gazteek eta herrian ere auzolanarekin zerikusia duen zerbait antolatzeko asmoa ere badute.

Elizondon 10:30ean elkartuko dira herriko plazan, elkarrekin erreka garbitzera joateko. Suhiltzaileen laguntza izanen dute eta bertaratzeko asmoa dutenei arropa egokia eramateko aholkatu dute. Auzolanean aritzen diren guztiei gosaria emanen zaie. Euri dexente ari badu bertan behera geratuko dela ohartarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun