Solaslaguna egitasmoa eginen da aurtengoan ere eskualdeko herrietan

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 10a

Iaz Beran egin zen solaspoteoan jendea giro ederrean

Aurten hitano lagunak eta mendilagunak taldeak jarriko dituzte martxan

Aitzineko urteetan aritutako hainbat talde martxan dira dagoeneko eta talde berriak urri bukaera eta azaroa bitartean hasiko dira. Azken urteetan bezala, guraso taldea, solaspoteoa eta irteerak antolatu dituzte. Aurten, lehenengoz, hiketan solastatzeko taldea eta bi hilabetean behin mendilagunak taldea antolatuko dituzte.

Euskaraz solasteko ohitura dutenak, euskaraz solasteko ohitura ez dutenekin elkartzea da helburua solaslagunaren helburua. Aitzineko urteetan aritutako hainbat talde irailean eta urri hasieran hasi ziren lanean. Talde berriak, berriz, urri bukaera eta azaroa bitartean hasiko dira, baina apuntatzeko aukera urte osoan egonen da. Iaz osotara 66 lagunek eman zuten izena, eta horietatik 62 txertatu ahal izan genituen taldeetan. Baztanen 5 talde, Malerrekan 3 eta Bortzirietan 4 ibili ziren, oraingoz jasotako datuekin horietatik bederatzi mantenduko dituzte. Antolatzaileek iazko kopurua handitzea espero dute.

Aurreko urteetako talde eta ekimen batzuk errepikatuko badira ere, berrikuntzak izanen dituzte aurtengo kurtsoan. Guraso taldea pasa den urtean jarri zen martxan. ikastetxeetako gurasoendako propio prestatutako saioak dira. Gurasolaguna proiektuaren bitartez, familian eta ikastetxeetan ematen den erabileran eragitea da helburua.

Herri batzuetan hitanoaren erabilera galtzen ari dela ikusirik, hitano lagunak taldea sortu nahi dute aurten. Euskaldun osoak direnei bideratua dago eta gure hika eta noka aberasteko eta naturaltasunez solastatzen ikasteko taldeak dira. Jada hiru urte dira, solaspoteoa antolatzen dutela aurten laugarrena izanen da. Elizondon, Donezteben eta Beran antolatu izan dute eta aurten berriz Elizondora bueltatzea egokituko da. Jendeak, inguru erraz batean ireki eta ezagutzeko aukera izanen du. Hilabetean behin antolatzen diren saio osagarriak ere izanen dira aurten. Eskualde osoan parte hartzen duten solaslagunendako eta herritarrendako irekiak daude. Mintzapraktiketan parte hartzen duen jendea ezagutzeko aukera ematen dute saio hauek. Ikasturte honetarako, saio osagarri berria sortzea erabaki dute solaslagunek eta MENDILAGUNAK antolatuko dituzte bi hilabetean behin.

Aitzineko urteetan bezala, aurkezpen luntxak eginen dira Bera, Doneztebe eta Elizondon azaroko lehenbiziko bi asteetan zehar. Bertara agertzen denak, solaslagunari buruz informazioa galdetzeko aukera izanen du, taldeak nola funtzionatzen duten, zein den egitasmoaren helburua,nola parte hartu, aitzineko urteetan parte hartutako solaslagunak ezagutzeko eta hauen esperientzia aditzeko aukera… Apuntatzeko eta informazioa eskatzeko bideak: Solaslagunaren txokoan: solaslaguna@topagunea.org Tel.: 610920673 Bortziriak, Malerreka eta Baztango Euskaltegietan. Bortziriak eta Malerrekako mankomunitatean eta baita Baztango udaletxean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun