Ohorezko hiru kide berri izendatu zituen igandean Elgorriagako Onddo eta Zizen kofradiak

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 8a

Jende ugari hurbildu zen Salvador Arozenaren omenezko kaxola lehiaketa ikustera ONDIKOL

Hildako kofradeei ere omenaldia egin zieten

Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiak bere besta egun handia ospatu zuen igandean. Urtero ohiturari jarraituz, ohorezko kide berriak izendatu zituzten. Aurtengoan hiru ohorezko kide izendatu ditu Elgorriagako Kofradiak: Jose Javier Esparza, Nafarroako Gobernuko ingurugiroko kontseilaria, Alberto Rios, Embutidos Burgos  enpresako jabea eta Jose Luis Cepeda, Cruzcampo erakundeko kidea.

 

Egun handirako egitarau zabala prestatua zuen Elgorriagako Onddo eta Zizen kofradiak. Goizean, urteroko legez, Santiago parrokian, hildako bazkide eta laguntzaileen omenez meza izan zuten. Arangurengo abesbatzak kantatu zuen meza. Segidan, Jose Miguel Galarregi, Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiako presidenteak ohorezko hiru kide berrien merituak aipatu zituen. Aurtengo kofrade berriak hauek dira: Jose Javier Esparza, Nafarroako Gobernuko ingurugiroko kontseilaria, Alberto Rios, Embutidos Burgos  enpresako jabea eta Jose Luis Cepeda, Cruzcampo erakundeko kidea. Bestan ez zituzten ahantzi hildako kofradeak eta omenaldia eskaini zieten, haien artean Juanito Mariezkurrena, Salvador Arotzena eta Elisa Marin omendu zituzten.

Goizeko 11:30etarako hasia zen Salvador Arozarenaren omenez antolatzen den kaxula lehiaketa. Lehiaketa honetan, lehengo eta oraingo kofradeek parte hartzen dute, baita bertze kofradietako kideek ere. Onddo beltza izaten da protagonista nagusia, baina berekin batera, bertze kofradiek ordezkatzen duten produktuak ere sartzen dituzte kaxuletan. Hamar taldek hartu zuten parte eta Nafarroako Zainzuriaren kofradiakoak eta Bidasoako Izokinaren kofradiak izan ziren irabazleak.  Lehiaketa eta gero, nahi zuenak kaxulak dastatzeko aukera izan zuen. Zubietako joaldunek ere, giroa berotzen lagundu zuten beraien joare soinuekin eta Migeltxo Saralegik harrijasotze erakustaldia eskaini zuen plazan eta lau urteko semea izan zuen lagun. Segidan, txistorra, urdaiazpiko, odolki, gazta, sagardo eta ardo dastaketa egin ziren frontoian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun