Animalien besta, kantu afaria eta pilotarien biltzarra izanen dituzte aste hondarrean Saran

TTIPI TTAPA 2012ko urriaren 5a

Larunbateko animalien bestan landareak trukatzeko aukera ere izanen dute baratzezainek

Herrira hurbiltzeko aukera paregabeak eskainiko ditu aste hondarrean Sarak. Larunbatean, animalien besta iraganen da goizeko 10:00etatik aitzinera eta arratsean kantu afaria antolatu Sarako kantariak elkarteak Lur Berrin. Igandean, Izarra Pilota elkartearen biltzarra eginen da.

Larunbat honetan, urriak 6, animalien bes­ta iraganen da. Horretarako, goizean, 10:00etatik landa ateak irekiko dituzten kiroldegian. Besta hori animaliak deskubritzeko aukera da, etxeko eta baserriko animaliak, baita salbaiak ere: erleak, harrapariak, sagu xaharrak eta bertze ainitz. Horrez gain, txakur bat adoptatzeko aukera ere proposatua izanen da, erakusketak eta demostrazioak ere eginen dira, haurrentzako jokoak izanen dira eta tokiko produktuak deskubritzeko parada ere bai. Baratzezainek landareak trukatzeko aukera ere izanen dute.

 

Kantu afaria

Bertze aldetik, Sarako kantariak elkarteak, urtero bezala, kantu afaria antolatu du, eta aurten larunbatean, urriak 6, iraganen da. Hitzordua 19:30etik goiti emana da Lur Berri gelan eta afariarentzat 130 toki badira. Afaria animatzeko Primaderan Urruñako taldea etorriko da. Erran, arrats hori laguntzaileei esker antolatzen duela. 20 eurotan zintzur busti­zea eta afaria ere izanen dira.

 

Pilotarien biltzarra

Izarra Pilota elkartearen biltzarra igande honetan, urriak 7, eginen da. Horren karietara, eguna honela antolatua izanen da: 10:30ean meza, 11:30ean biltzar nagusia Lur Berri gelan. 12:15ean errebota partida jokatuko du Donibane Lohizunek Baigo­rriren kontra.

Ondotik, Herriko Etxeak eskainitako zintzur bustitzea izanen da. 14:00 aldean bazkari bat izanen da pleka trinketean 30 eurotan, eta pagatzea egunean berean­ eginen da jatetxeko sartzean eta elkartearen karta erostea proposatua izanen da,15 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun