Maila Nagusiko Nafarroako Aizkora Txapelketako finala igande honetan, urriak 7, jokatuko da Etxarri Aranatzen, eta kanporaketan denborarik onena egin zuten bortz aizkolari ariko dira lehian, Nafarroako txapelaren bila: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz, 43 urte), Donato Larretxea (Arantza, 52 urte), Jon Rekondo (Leitza, 27 urte), Antonio Senosiain (Olague, 46 urte) eta Ander Erasun (Aurtitz, 22 urte).
Kanporaketa irailaren 23an jokatu zen Uharten eta bederatzi aizkolari aritu ziren lanean. Finalera sailkatu diren bortz horiekin batera, Juan Jose Lopez (Lezaun), Aitor Senosiain (Olague), Oihan Larretxea (Bera, 22 urte) eta Julen Kañamares (Berriozar, 22 urte). Nazabalek egin zituen denborarik onenak egur guztietan (12:25.16), baina kanporaketako marka Donato Larretxeak dauka (11:09), baita joan den urteko txapela ere. Bainaorduan, lesio baten ondorioz, Nazabalek ez zuen parte hartzerik izan eta aurten bera izanen da faborito.
Maila Nagusia galduko dutenak, berriz, Julen Kañamares eta Juanjo Erdozia dira, lehena kanporaketan azkena sailkatu zelako eta Erdozia kanporaketan parte ez hartzea erabaki zuelako.