Partida eder baten ondotik, Doneztebe B taldea izan da infantilen laxoa txapelketan nagusi. Irailaren 15ean jokatu zen finala Arraiozko plazan, eta Doneztebe B taldeak etxeko taldea izan zuen aurkari. Partida polita eskaini zuten bi taldeek, markagailuan emozioa sortuz, eta lehia parekatua izan zen seinale, 8-7koa egiteko 20 minutu pasatu zituzten jokoan. Guztira, berriz, ordu bat eta 45 minutu iraun zuen lehiak.
Azkenean, 9-7ko markagailuarekin, Doneztebe Bk irabazi zuen. Gorka Iribarren (sakatzailea), Iñaki Maylin (numeroa), Julen Larretxea (laurdena) eta Aitor Arotzena (laurdena) aritu ziren Doneztebe Bn eta Eki Etxandi (sakatzailea), Josu Etxandi (numeroa), Urki Etxandi (laurdena) eta Mikel Organbide (laurdena) Arraiozko taldean.
Sariak Xotero Etxandi eta Mariano Maritorenak banatu zituzten eta sari banaketaren ondotik, Laxoa Elkarteak pilotari eta afizionatu guztiei luntxa eskaini zien. Aipatzekoa da, gisa berean, jende aunitz hurbildu zela finala ikustera eta giro ederra sortu zela Arraiozko plazan.