Ipar Euskal Herriko hirugarren bertsu xapelketa urriaren 6tik azaroaren 10erat ospatuko da aurten. Senperen, Larraldea baserrian, beren egoitzan egin zuten aurkezpenean Bertsularien Lagunak elkarteko kideek jakinarazi dute aldi huntan orotarat bortz bertsu saio eginen direla: bi kanporaketa Altzürükün (urriak 6) eta Kanbon (urriak 13an); bi finalerdi Hendaian (urriak 20) eta Donibane Garazin (urriak 27); eta azkenik, final haundia azaroaren 10ean Baionako Lauga kirol gelan, eta ez Donibane Lohizunen aitzineko bi edizioetan bezala. Iparraldeko hiriburuan euskara hutsezko kultura ekitaldia garrantzitsutzat eta desafiotzat hartzen dute bertsuzaleek.
Aurten 16 bertsulari lehiatuko dira, erran nahi baita orain arte baino pixka bat gutiago, bainan hauen artean bortz nor baino nor ariko dira lehen aldikoz. Amets Arzallus, Odei Barroso eta Sustrai Colinaz gain, Azkaineko Murua hiru anaia-arreba agertuko dira taulen gainean. Bertsulari gehienak bertsu eskoletatik iragan dira, eta preseski irakaskuntzan indar haundia ematen du Bertsularien Lagunak elkarteak. 2008an, Iparraldeko bertsu xapelketa jokatu zenetik 23 taldetan banatuak diren ikasleen kopurua bikoiztu da eta aurten 140 bertsuzale baino gehiago biltzen dira Iparralde osoan barreatuak diren bertsu eskola horietan. Bertsulariez gain, gai emaileak, antolatzaileak edo entzuleak formatzea da elkartearen helburua.
Joana Itzaina Bertsularien lagunak elkarteko buruaren erranetan, «lehen bertsularitza ez zen biziki erakargarria gazteentzat bainan gauzak aldatzen ari dira eta orain harrotasuna agertzen da bertsuen inguruan». Itzainaren ustez, «euskarak irauten badu bertsuari esker da neurri haundi batean». Euskararekin gozatzen eta jostatzen ahal dela erakutsi nahi dute aurten ere: «helburu nagusia ez da lehiatzea xapelaren itzala haunditzea baizik, eta gisa hortan parte hartzen duten guziei xapela andana banatzea nahiago dugu», dio Itzainak.
Aurten ere, Amets Arzallus ilusioa eta plazerrarekin agertuko da xapelketan. Hendaiarrak dio «kolektibo baten partaide» sentitzen dela eta hortik «elikatzen duela ilusio pertsonala». Aski ongi oroitzen da irabazi dituen aitzineko bi edizioez eta orduko grinaz. Bere idurikoz, «errezagoa zen beharbada xapelketa sortzea eta hastea orain irautea baino». Xapelketa bi urtero ospatzea ongi iduritzen zaio Euskal Herriko xapeldunordeari «euskara kinka larrian baita, hil ala biziko egoeran». Lehiakideen kopuruaren apaltzeak ez du batere kezkatzen, kopurua baino kalitatea nahiago baitu begiratu. Egia erran 2008an Iparraldeko bertsu xapelketa sortu zenetik bertsularitzak eta bertsuen mailak urrats haundia egin dute aitzinera eta bide hortan segitzea espero dute orain Euskal Herriko bertsuzaleek.
BERTSULARIAK ETA SAIOAK
Larunbatean, urriak 6, Altzürükün jokatuko da lehenbiziko kanporaketa, herriko gelan, 17:00etan. Sei bertsolari ariko dira: Ortzi Murua (Azkaine), Ortzi Idoate (Baiona), Maindi Murua (Azkaine), Maddi Ane Txoperena (Hendaia), Xan Alkhat (Armendaritze) eta Egoitz Zelaia (Hendaia).
Urriaren 13an bigarren kanporaketa jokatuko da Kanboko Aiec gelan, 17:00etan. Xumai Murua (Azkaine), Maddi Sarasua (Itsasu), Ramuntxo Christy (Aiherra), Battit Crouspeyre (Baigorri), Bixente Hirigarai (Baigorri) eta Gillen Hiribarren (Itsasu) ariko dira.
Lehen finalaurrekoa Hendaiako Varietes zineman jokatuko da hilaren 20an, 17:00etan. Amets Arzallus (Hendaia) eta Eneritz Zabaletarekin (Baiona), kanporaketetatik sailkatutakoek parte hartuko dute.
Bigarren finalaurrekoa urriaren 27an eginen da Donibane Garaziko Vauban zineman, 17:00etan. Odei Barroso (Urruña) eta Sustrai Colinarekin (Urruña) batera, kanporaketetatik sailkatutakoak ariko dira.
Xehetasun gehiagorentzat: www.xilaba.net.