Turismoko enpresa ttiki eta ertainei dirulaguntzak eman dizkie Gobernuak

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 4a

Berrikuntza lan eta altzariei dagozkien laguntzak dira

Turismo arloan ari diren enpresa ttiki eta ertainei dirulaguntzak eman dizkie Nafarroako Gobernuak. Nafa­rroa osoan, guztira 398.744 euro emanen ditu 31 enpresen ar­tean bana­tzeko. Alde batetik, establezimenduetan egindako be­rrikuntza eta manten­tze-lanetara bideratutako laguntzak dira eta bertzetik, altzarietan nahiz ekipamenduetan egindako inber­t­sioak laguntzeko. 
 
Dirulaguntza jasoko duten enpresen artean­, badira batzuk eskualdekoak: Lesakako Atxas­pi hotela, Urdazu­biko Irigoienea hostala eta Oronozko Salazar ostatua, Zigako Etxezuria landetxea, Azpilkuetako Labakia eta Labakizarra lande­txeak, Erra­tzuko Kasto­nea I eta II apartamentuak eta Arantzako Aterpe eta Bertizko ater­peak.
 
2011ko azaroaren 16tik 2012ko azaroaren 15era bitartean egindako obrak subentzionatuko dira eta deialdiaren onuradunek azaroaren 15era bitarteko epea izanen dute egindako inbertsioa justifika­tzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun