Murrizketen kontra irailaren 26rako deitua zen greba orokorrak segida zabala izan zuen eskualdean. LABek mobilizazio jendetsuak azpimarratu zituen eta ELAren erranetan martxoaren 29koan baino eskasagoa izan zen segida.
INDUSTRIA
Industria arloan grebak lantegi handienak geldiarazi zituen. Lesakan, Arcelor Mittal Proccesing lantegian %100ekoa izan zen grebaren segida eta AM Lesakan %90ekoa. Zalaingo Condesa, Funvera eta Savera lantegietako produkzioa ere erabat geldirik egon zen. Aldiz, Alco, Hidrorubber edo Conservas Martiko lantegietan langile gutti batzuk bakarrik egin dute greba eta Composites Gurean langileen %20ak baino gehiagok lan egin zuen. Orokorrean, Zalain eta Alkaiagako industrialdeetan grebaren segida %70-80koa izan zela aipatu zuten sindikatuek.
Doneztebeko Aparan industrialdean eta Leitzalderako errepideko tailer eta lantegietan aktibitaterik gabe egon ziren. Baztanen Harrilan eta Marmoles del Baztan enpresek itxi egin zituzten ateak eta Leitzako Sarriopapel lantegian greba egin zuten langile guziek.
ADMINISTRAZIOA, IRAKASKUNTZA ETA KOMERTZIOAK
Administrazio arloan, Herriko Etxe gehienetan guttieneko zerbitzuak bertzerik ez zituzten eskaini. Komertzioetan,ia erabat itxi zituzten komertzioak. Irakaskuntzan ere, ikastetxe gehienek zerbitzu minimoak eskaini zituzten.
MOBILIZAZIOAK
Herriz herriko kontzentrazioez gain, manifestazioak egin ziren. Beran, konbokatua zegoen manifestazioa bertan behera gelditu zen, Guardia Zibilak ateratzea galerazi baitzuen. Espainiako Gobernuko Delegazioak erran zuen baimenak epez kanpo eskatu zirela eta aitzakia horrekin, manifestazioa ateratzen bazen kargatu eginen zutela adierazi zuten guardiazibilek. Eta horren erakusgarri, Berako kuarteletik sirenak martxan eta antidisturbio materialarekin agertu ziren. Sindikatuetako ordezkariek aipatu zutenez, baimena hamar egun lehenago eskatu zen lehen aldiz eta hau ukatu ondotik, bertze bitan ere eskatu zen, erantzunik jaso gabe. Halere, Guardia Zibilaren jarrera ikusita, manifestazioan ez ateratzea erabaki zuten. Ordu berean, Elizondon manifestazio jendetsua egin zen, 350 eta 400 lagun artean bildu baitziren.
Arratsaldean, Baztan-Bidasoaldeko manifestazioa egin zen Donezteben eta banketxeentzat dirua, herriarentzat miseria lelopean jendetza elkartu zen, sindikatuen arabera, 500 bat lagun.
Leitzan ere egin ziren mobilizazioak: goizez hemezortzi auto ibili ziren herrian barna bueltaka eta arratsaldeko manifestazioan 500 lagun inguru bildu ziren.