Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak irailaren 15ean ospatu zuen artzain amerikanoen urteroko besta Iruñean. Aurtengoa zazpigarren edizioa izan da eta, ohi bezala, hegoaldeko zein iparraldeko artzainak bildu zituzten, giro ederrean.
Eguneko egitaraua, San Nicolas elizan gaur egun Leitzako erretorea den eta bere garaian Baztan eta Lesakan ibili zen Ander Gillegik emandako mezarekin abiatu zen. Ameriketan nahiz Euskal Herrian hildako artzainak gogoratu zituzten eta bereziki elkarteko laguntzaile izan diren Angel Igantzi, Dolores Lazkano, Jesus Goldaraz eta Kepa Mallea. Segidan, Iruñeko Gotorlekuko Arma Aretora bisita egin zuten artzainek eta han Iruñeko udaleko eta Nafarroako Parlamentuko zenbait ordezkarik artzainei harrera egin zieten.
Laura Igantzi Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteko presidenteak, bere aldetik, bestan parte hartzera bereziki Boisetik etorritako Beñardo Igantzi osabari omenaldi ttiki bat egin zion. Beñardok 87 urte ditu eta Elkoko Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen, baita dantza taldearena ere. Akordeoi irakaslea ere izan zen eta Laurak azaldu bezala, «artzainen kolektiboak Ameriketan egin zuen kultur ekarpenaren erakusleetako bat». Gaineratu zuenez, dagoeneko 170 bazkide baino gehiago ditu elkarteak eta hauen ekarpenei esker lanean segitzen dute. Olondrizko Antonio Camposek egindako diru-ekarpenari esker, berriz, Renoko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitatearen laguntzarekin, AEBerako Nafarroako emigrazioari buruzko tesia ere eginen dela-eta, «gure ametsetako bat egi bihurtu» dela aipatu zuen Laurak.
Harrera ofizialaren ondotik, Iturrama eskolako frontoian bazkaldu zuten eta ohiko highballa dastatzeko aukera ere izan zuten artzainek, Ameriketako oroigarri. Bazkalondoan, Ameriketatik espreski etorritako lagun batzuei mikrofonora hurbiltzeko eskatu zieten eta gainerako bazkaltiarren txalo zaparrada jaso zuten, Bankako Menditarrak taldeak kantua eskaini zien bitartean. Segidan omenaldien txanda etorri zen.
2006an ospatu zen artzain amerikanoen lehenbiziko festa, Lesakan. Hurrengo urtean hitzordu bikoitza egin zen, aldi berean, Gernikan eta Alduden. Bertze edizioak Elizondon, Auritzen, Sunbillan eta Eugi-Zubirin izan dira eta aurtengoa Iruñean.