Espeleologo talde bat izandu da Tantadian, jakiteko ea egia dioen lehengo istorio zahar batek: hango zuloan erortzen dena Urrozen agertzen dela. Hola ba, hartu dituzte hartu beharreko endrezu guziak: sokak, kopetako argiak, esku-argiak, bi sagar... Denak makutoetan sartu, eta han joan dira, autoan, Bizulan barrena. Martiskoneko borda parera ailegatu, eta hantxe utzi dute autoa, bazter batean. Errekara oinez jautsi, eta Autsidetik goiti abiatu dira.
Arratsaldea da, ilunabartzen hasia; ez da argi handirik sartzen hango arbola tantaien artetik. Zuloaren parera ailegatu, eta pixko bat ikaratu dira errekaren asotsarekin, baina gogor egin, eta, soka harri kozkor bati lotuta, zulo beltzean sartu dira, baita agudo asko zipa-zipa egin ere, besape batean soka, bestean erreka. Kanpoan haizegoa dabil, baina leizean frexko dago. Sarrera horretan, estutu egiten da leizea, baina estura hori pasatu, eta franko zabaltzen da. Errekak lan handia egina du barren horretan. Halako batean, auri batzuk aditu dituzte; pilek indar gutxi dute; mistoek baino argi gutxiago egiten dutela daude, eta ez da ikusten zer dabilen ilunbetan. Elkarren arrimoan jarri dira, katu pelatuak bezala. Eta hor non hasi diren boz batzuk, arroituka: «Ze uste zuten ba! Inkisioak sorgin guziak harrapatu, epaitu... eta...», «... sorgin maltzurrak bezala...»; ez zaie dena entenditzen, irri eta ajari artean. Alde batera begiratu, bestera begiratu, deus ere ez ikusten. Kakalarria sartu zaie gizontxoei, eta nola Urroza urruti samar daukaten oraindik, kanpora atera dira, sartu diren tokitik, ziztu batean. Kanpoan iluna da, eta pilak itzali gabe joan dira autora, ttapa-ttapa.