Euskal Herriko Harri Ttikien Txapelketa jokatuko da Urriko Bestan

Amaia MINDEGIA 2012ko urriaren 4a

Afaria ez ezik, dantza bereziak eta beste hainbat ikusgarri izanen dira Urriruko bestan. Artxiboko argazkia

Tribal Fusio dantza ikusgai izanen da afaltzen den bitartean

Azkeneko urtetan bezala, urriko lehendabiziko larunbatean ospatuko da Beintza-Labaienen egiten dugun Urriruko besta. 
 
Urriaren 6an, 17:00e­tan Euskal He­rriko Ha­rri Txikien Txapelketak ireriko du ekitaldia. Bost harrijasotzaile lehian ariko dira, txapelaren bila. Aimar Irigoien (Errezil, Gipuzkoa), Jesus Mª Iruretagoiena Izeta III.a (Zarautz, Gipuzkoa), Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz, Gipuzkoa), Josetxo Urrutia (Leitza) eta Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar). Harrijasotzaile bakoi­tzak hiru minutuko saioak egin beharko ditu 125 kiloko­ harri errektangularrarekin, 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubi­koarekin eta 100 kiloko bolarekin. Ondotik 19:00 aldera ohi den bezala aizkora apustua izanen da herriko aizkolarien artean. Aurten parte hartuko duten hiru bikoteak hauek dira: Miguel Angel Etxeberria eta Jesus Etxeberria; Jacinto Etxe­konanea  eta Peio Telletxea; Xabier Mindegia eta Jose Luis Te­lletxea.
 
Ondotik, 06:00etan Jaime Mindegiak pres­tatzen hasitako afariaren txanda izanen da. Azken urtetan beza­la, egu­raldiari aurre egiteko karpa barruan izanen da afaria, 20:30­ean. Menua ere ohikoa: en­tsalada, salda, are­tzea, gazta, irasagarra eta fruta, kafea eta kopa. Aurten Galiziako bi lagunek queimada pres­tatuko dute.
 
Afaltzeko orduan, Nafarroako produktuekin betetako zare eder baten zozketa eginen da. Herritar gehienak ez ezik, inguruko herrietatik ere jende dezente hurbiltzea espero da. 
 
Lehengo urtean bezala, aurten ere erakustaldi berezia izanen da jendeak afaltzen duen bitartean: Tribal Fusio Dantza giroan afalduko dugu. Iruñeko Adasha dantza taldekoa den Zenotzeko Rebeka Ericeren eskutik izanen da ema­naldia eta aurten ere sorpresaz beteriko ikuskizuna izatea espero da.
 
Gauean, Aierrik taldeak alaituko du afalostea goizalderarte. 
 
Bai egun horretan eta bai aurretik laguntzen ariko diren elkarteko kide eta herritarrei es­ker ona azaldu nahi die elkarteko batzordeak.
 
Afarirako txartelak Itur-Ondo elkartean, herriko ostatuetan eta Baleztena dendan izanen dira salgai 28 eurotan. 8 eta 14 urte arteko gaztetxoek 14 euro ordaindu beharko dute eta 8 urtez azpikoek debalde izanen dute. Eskertuko da urtero bezala txartelak lehenagotik hartzea, antolatzaileek zenbat jende bilduko den jakin dezaten antolakuntza hobe joan dadin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun