Lehengo urteetan bezala, herriko gazteek Euskararen Eguna antolatu dute. Egun handia urriaren 13a izanen da, larunbata, baina bezperan ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena gai nagusizat hartuta.
Ostiral goizean, Makilipurdi mendira, Ekaitza ingurura mendi ateraldia antolatu dute. Bere garaian, gazteluren bat izan omen zen inguru horretan eta gelditzen diren aztarnak ikustera joanen dira. Arratsaldean, 18:30ean pintxo lehiaketa izanen da Errandonea ostatuan. 20:00etan herriko estalpean Nafarroako konkista 500 urte hitzaldia eskainiko dute. 22:00etan mus txapelketa jokatuko da Errandonea ostatuan eta gauez rock kontzertua eskainiko dute Errandoneako atarian, herriko musikarien eskutik.
DANTZA LUZEA BERRESKURATZEKO SAIOA LARUNBATEAN
Egun handia larunbata izanen da. Goiz guztian herriko eskulangileek beraien produktuak erakutsiko dituzte eta erosteko ere aterako dituzte plazan. 10:00etan, egunari hasiera emateko kalejira izanen da herriko trikitilari eta panderojoleekin. 11:00etan serigrafia tailerra haur eta helduendako. Kamisetak norberak eraman beharko ditu. 12:00etan dantza erakustaldi irekia. Muxikoak, jauziak… Zubietako dantza luzea berreskuratzeko saiakera ere eginen da. Zenbait entsaio egin dituzte herriko dantzariek, baina saio irekia izanen da eta edozeinek parte har dezake. Eguna antolatzeko dirua biltzeko urdaiazpikoa eta gaztaren apustua eginen da. Pisua asmatu edo gehien hurbiltzen denak etxeratuko ditu urdaiazpikoa eta gazta.
14:30ean bertso bazkaria izanen da, Miren Amuriza eta Aitzol Barandiaran bertsolariekin. Izen emateko epea urriaren 4an akituko da. Txartelak Errandonea ostatuan eta Santxo okindegian daude salgai.
Bazkalondoan, herriari itzulia eginen dute bertsopoteoan, trikitilarien laguntzarekin. 17:00etan haurrendako ipuin kontalaria izanen da plazan. 18:00etan berendua ere eskainiko zaie haurrei. 20:00etan dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin. 21:30ean urdaiazpiko eta gazta apustuaren irabazlea jakinaraziko da eta bertan emanen zaizkio sariak. Haurrendako karaokea ere izanen da. Gauerditik aurrera, berriz ere Gabenara taldea ariko da, baina aurretik Askatu taldeak ere emanaldia eskainiko du.