Irailaren 21ean EHNEak ateratako Gure lurra, gure etorkizuna dokumentala izan zen ikusgai Kultur Etxean. Mundu mailako nekazaritzaz solasten da bertan, azken hamarkadan izan dituen aldaketak aipatuz. Dokumentalean adierazi eta Herri Baratzean praktikara eramaten ari dena, hau izanen litzateke: antzinan egiten zuten bezala, kimikorik gabe uzta biltzeko moduak berreskuratu, bertako haziak galtzen ez uztea, ilargiaren aroak segitzea, ingurumenarekin armonian aritzea…
Orain arte galdutako gai batzuk berreskuratu dira herri baratzean; adibidez, garia, garbantzoa… Herritarrengan interesa pizten ari den kontua da eta nolabait nabaritzen da harremana herri baratzea eta herritarren artean. Aunitzek egiten duten galdera da: zer da herri baratzea? Lurra lantzeko ekimen bat herriari irekia dena izanen litzateke. Gerora begira zenbait ideia martxan daude; erraterako, herri baratzera eskolako haurrak haziak landatzen ikastera joatea, baratzean sobratzen dena jangelara eramatea… elkarrekin lanean ari nahi duen edozeinentzako lekua dago herri baratzean.