Azken urteetako ohiturari jarraituz, Urriko lehenengo asteburuan izanen da bestarako aukera Beintza Labaienen. Ittur Ondo elkarteak bederatzigarren Urriruko besta antolatu baitu.
Urriaren 6an, arratsaldeko 17:00etan Euskal Herriko Harri Ttikien Txapelketarekin emanen zaio hasiera bestari. Bost harrijasotzailea ariko dira txapela etxera eramateko lehian. Bi izanen dira eskualdekoak Josetxo Urrutia leitzarra eta Xabier Ariztegi Santxin Etxalartarra. Hauekin batera, Aimar Irigoien (Errezil, Gipuzkoa), Jesus Mª Iruretagoiena Izeta III.a (Zarautz, Gipuzkoa), eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz, Gipuzkoa) ariko dira. Harrijasotzaile bakoitzak hiru minutuko saioak egin beharko ditu 125 kiloko harri errektangularrarekin, 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin. Ondotik 19:00 aldera, ohi den bezala, aizkora apustua izanen da herriko aizkolarien artean. Aurten parte hartuko duten hiru bikoteak hauek dira: Miguel Angel Etxeberria eta Jesus Etxeberria; Jacinto Etxekonanea eta Peio Telletxea; Xabier Mindegia eta Jose Luis Telletxea.
20:30ean afaria izanen da karpa barruan. Jaime Mindegia ariko da sukaldari lanean eta ohiko prestatuko du: entsalada, salda, aretzea, gazta, irasagarra eta fruta, kafea eta kopa. Afarirako txartelak Ittur-Ondo elkartean, herriko ostatuetan eta Baleztena dendan izanen dira salgai 28 eurotan. 8 eta 14 urte arteko gaztetxoek 14 euro ordaindu beharko dute eta 8 urtez azpikoek dohain izanen dute. Zenbat jende bilduko den jakin eta antolakuntza hobe joan dadin, txartelak lehenagotik hartzea gomendatzen dute antolatzaileek. Ohiko afariaz gain, aurten Galiziako bi lagunek queimada prestatuko dute eta Nafarroako produktuekin betetako saski baten zozketa ere eginen da.Lehengo urtean bezala, aurten ere erakustaldi berezia izanen da jendeak afaltzen duen bitartean: Tribal Fusio Dantza giroan afalduko baitute. Iruñeko Adasha dantza taldeko Rebeka Ericeren eskutik izanen da emanaldia. Eta gauean bestak ez du izango etenik, Aierrik taldeak alaituko du afalostea goizalderarte.