Eskualdeko sei herritan atez ate bilduko dira zabor organikoa eta errefusa

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 4a

Irudian ageri dena auzoko konpostaren eredua da, Iruñerriko Mankomunitateak Subizan egindako ­esperientziaren adibidez.

Bertze herrietan konposta eginen da

Legediaren arabera, hiri hondakinak %10 murriztu behar dira eta 2011n sortu zen ma­te­ria­­ organikoaren erdia bil­du beharko da 2020­rako. Eta zabor organikoa mu­rrizteko helburuarekin eskualdeko udalek neurri berriak hartu behar izan dituzte, ez birziklatzea birzikla­tzea baino garestiagoa izanen baita.

 Eztabaida eta proze­su luze baten ondotik, udal eta mankomunitateek erabaki dute­ araudiak eskatutako helburuak nola bideratuko di­tuz­ten. Konposta izan da urte hauetan Baztango Udalak, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak martxan paratutako ekimenetako bat. Orain­goz 624 kon­pos­tontzi banatu dituzte dohainik. Gehiago eska­tze­ko aukera ere eman dute­, irailaren 30era arte­ apuntatzeko epea zabalduz.

 SEI HERRITAN ORGANIKOA ETA ERREFUSA ATEZ ATE 

Herri haundienetan edo errepidetik hurbil daudenetan, hau da, Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Irurita eta Elizondon, lau aukera paratu ziren mahai gainean: batetik, hondakin organi­koak bil­tzeko bos­ga­rren edukiontzi marroia para­tzea; biga­rrenik, atez ate errefusa­ bakarrik bil­tzea; hiruga­rrenik, atez ate erre­fu­sa­ eta hondakin organi­koak biltzea eta azkenik­, hondakin organikoa, erre­fusa, papera eta enbaseak atez ate biltzea. 

Proposamen horien artean, errefusa eta hondakin organikoak atez ate biltzearen aldeko apustua egin dute. Beraz, Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Irurita eta Elizondon zabor organikoak (sukaldatu nahiz sukaldatu gabeko janari soberakinak) eta errefusa (birziklagarriak ez diren hondakinak: hautsa, hautsitako platerak eta edalontziak, pixoihalak...) atez ate bilduko dituzte. Kan­poan posteak paratuko dituzte eta etxe bakoi­tzean behar den kaxa edukiko dute, batetik erre­fusa, eta bertzetik hondakin organikoa bil­tzeko. Hortaz aparte, enbasea, papera eta beiraren edukiontziak mantenduko dira.

 HERRI TTIKIETAN KONPOSTA

Baztango gainerako hamahiru herrietan, Bertizarana-Malerrekako bertze hamahiru herrietan eta Bortzirietako hiru herrietan, berriz, etxe­ko konposta edo auzoko konposta eginen da, egunero sortzen den zabor gehiena organikoa baita, %40 inguru. Gainerako hondakinak birziklatzeko orain dauden edukiontziak mantenduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun