Ipar Euskal Herriko bertso txapelketako lehenbiziko kanporaketa larunbatean jokatuko da

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 3a

Ipar Euskal Herriko bertso txapelketako aurkezpenean

Finala azaroaren 10ean izanen da Baionan

Ipar Euskal Herriko hirugarren bertso txapelketa urriaren 6tik azaroaren 10era ospatuko da aurten. Bortz bertso saio eginen dira eta final haundia lekuz aldatuko dute, azken bi urteetan Donibane Lohizunen izan den arren, aurten Baionako Lauga kirol gelan izanen da.

Bi urtez behin aritzen dira Ipar Euskal Herriko bertsolariak txapela lortzeko lehian. Aurten izanen da zita, urriaren 6tik azaroaren 10era. Bortz saio eginen dira: bi kanporaketa Altzürükün (urriaren 6an) eta Kanbon (urriaren 13an); bi finalerdi Hendaian (urriaren 20an) eta Donibane Garazin (urriaren 27an); eta azkenik, finala azaroaren 10ean Baionako Lauga kirol gelan izanen da. Finala Baionan izatea euskara hutsezko kultura ekitaldi garrantzitsutzat eta desafiotzat hartzen dute bertsozaleek.

Aurten 16 bertsolari lehiatuko dira, aitzineko edizioetan baino apur bat guttiago, baina hauen artean bortz bertsolari lehenengoz ariko dira txapelketan. Amets Arzallus da aitzineko bi edizioetako irabazlea eta aurtengoan ere txapelaren bila irtengo da oholtzara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun