Oriamendi 2010 enpresak pilotari gazteendako antolatutako promozio txapelketa urriaren 4an abiatuko da Galarretan. Hasierako partida horretan, Ezkurra II eta Patxi Olazar doneztebarrak, Matxin III eta Labakaren kontra ariko dira eta irabazleek, final laurdenetarako txartela lortuko dute, bertze zazpi bikoterekin lehiatzeko.
Final laurdenetako lehen bi partidak urriaren 6an, larunbatean jokatuko dituzte Galarretan. Lehenik, Oñatz eta Aritz Zubiri goizuetarra, Otaegi eta Barrenetxea IV.aren kontra ariko dira eta bigarren partidan, Etxeberria IV eta Andoni Saldias oiztarra, Endika saldiastarra eta Aizpuru III.aren kontra.
Matxin VI eta Agirrezabalak iaz lortutako tituluaren defentsan ariko dira Etxabe II eta Zubizarretaren kontra, urriaren 12an, Pilarika egunean. Egun berean, Urrutia II saldiastarra eta Aizpurua II, ortzegun honetan jokatuko den lehen partidako irabazleen kontra ariko dira.
Finalerdiak urriaren 20an eta 27an jokatuko dira eta final handia azaroaren 3an. Bikoteak nahiko orekatuak dira eta uda honetan profesionaletan debuta egin duten Ezkurra II, Otaegi, Labaka eta Aizpuru III.ak lehen aldiz izanen dute txapelketa batean aritzeko aukera.