Abuztu hondarrean baino 52 langabetu gehiago zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak irailaren 30ean, 1.242 zehazki. Nafarroan banaz bertze %2,74 igo da langabezia irailean eta gurean oraindik gehiago, % 4,37.
Irailean 347 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez (abuztuan baino kasik 200 guttiago), eta gainera, horietatik 41 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 524 lagun daude langabezian, abuztuan baino 5 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, 535etik 572ra igo da langabetu kopurua. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, 81etik 92ra igo da langabetu kopurua eta adin tarte horretako emakumeetan artean ere 45etik 54ra pasatu dira lanik gabe daudenak.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten eta irailean igoera nabarmenena izan duen lan arloa izan da, 746tik 791ra igo baita langabetu kopurua. Industria arloan ere 190etik 203ra igo da langabezian daudenen kopurua. Eraikuntzan, aldiz, 163tik 161era jautsi da langabetu kopurua. Nekazaritzan lau langabetu guttiago daude, 25, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 62 lagun daude langabezian, abuztu hondarrean bezalaxe.