Euskal Herriko harri txikien txapela seigarren urtez jantzi du Aimar Irigoienek Labaienen

TTIPI TTAPA 2012ko urr. 8a, 10:31

Euskal Herriko harri txikien txapelketaren finalean aritu ziren bost harrijasotzaileak. Arantxa Iturralde

Iaz bezala, 12.462,5 kilo bizkarreratu zituen 107 jasoalditan

Aimar Irigoien errezildarrak seigarren urtez segidan Euskal Herriko harri txikien txapela jantzi du. Aurtengoa, larunbatean, Beintza-Labaienen lortu zuen, iazko marka berdinduta: 107 jasoaldi eta 12.462 kilo terdi guzira.

Aimar Irigoien errezildarrak seigarren urtez segidan Euskal Herriko harri txikien txapela jantzi du. Aurtengoa, larunbatean, Beintza-Labaienen lortu zuen, iazko marka berdinduta: 107 jasoaldi eta 12.462 kilo terdi guzira.

Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a txapeldunordeari 1.312 kilo terdiko aldea atera zion. Harrijasotzaileek lau harri erabili zituzten hiruna minutuko txandetan eta harri guztiekin aldea egin zuen Irigoienek.

125 kiloko koadroarekin 30 jasoaldi egin zituen Irigoienek (3.750 kilo), 26 jasoaldi Izeta III.ak (3.250 kilo), 27 jasoaldi Izeta IV.ak (3.375 kilo) eta hogeina jasoaldi (2.500 kilo) finaleko bi nafarrek, Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak eta Josetxo Urrutia leitzarrak.

125 kiloko zilindroarekin ere 30 jasoaldi egin zituen txapeldunak, 27 Izeta III.ak, 26 Izeta IV.ak, 22 Santxinek eta 21 Urrutiak.

112,5 kiloko kuboarekin 21 jasoaldi egin zituen Irigoienek, 18 Izeta III.ak, 19 Izeta IV.ak, 16 Santxinek eta 13 Urrutiak.

Txapeldun orde izateko zegoen lehiarik handiena Izeta osaba-iloben artean, baina azkeneko harrian, 100 kiloko bolan, osabaren alde joan zen lehia. Hemen ere Aimar Irigoienek egin zituen jasoaldirik gehien, 26. Izeta III.a ere bikain ibili zen eta 25 egin zituen. Izeta IV.ak 19 jasoaldi egin zituen, Santxinek 16 eta Urrutiak 15.

Beraz, txapela Irigoienentzat (12.462,5 kilo), bigarren postua Izeta III.arentzat (11.150 kilo), hirugarren postua Izeta IV.arentzat (10.662,5 kilo), laugarren postua Xabier Ariztegi Santxinentzat (8.650 kilo) eta bosgarrena Josetxo Urrutiarentzat (8.087,5 kilo). Etxalartarrak ere iazko marka aisa hobeti zuen, 1.012,5 kilo gehiago bizkarreratu baitzuen, 12 jasoaldi gehiago eginda. Leitzarra, aldiz, bere ohiko marketatik beherago jardun zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun