Doneztebarrak elkartearen erakusleiho aldaketak, bortzgarren saria eskuratu du Nafarroako saltokiek egindako «buelta eman nahi diogu» kanpainan. Denera 55 proposamen aurkeztu ziren, mota guztietakoak; bezeroa pareko ostatura gosaltzera gonbidatzen zutenak, irabazien ehuneko bosta karitasi ematen ziotenak... Eskualdekoek erakusleiho aldaketa egin zutenean erakusleihoan agertzen zenak ez zuen zerikusirik bertan saltzen zenarekin. Elkarri publizitatea egiteko modu deigarria proposatu zuten.
Nafarroako Merkatarien Federazioak egungo egoerari buelta ematearren martxan paratu zuen kanpainan parte hartzea erabaki zuen Doneztebeko merkatari elkarteak. Horretarako, elkarteko bazkide batzuek erakusleiho aldaketa bat egitea erabaki zuten. Ekimen honen bidez, baikortasuna zabaldu, aktibitate komertzialari bultzada bat eman eta saltokiak zein bezeroak mugi daitezen lortu nahi zuten, krisi ekonomikoari buelta emateko. Ideia sortu zenean ez zekiten ze harrera izanen zuen kanpainak, baina jasotako erantzunarekin eta lortu berri duten sariarekin oso gustora daudela erran du Lorea Agirre elkarteko idazkariak. «Produktua zurea ez den erakusleiho batean erakusteko aukera izan genuen eta horrela bestela dendara etortzen ez den jendea erakarri dugu dendara».
Uztailaren 4tik 15era egin zuten kanpainaren lehenengo deialdia eta arrakasta ikusita, uztail hondar arte luzatu zuten. Lortutako arrakasta eta saria ikusirik, kanpaina berriren bat abian jartzeko ideia ez dute baztertzen Doneztebarrak Merkatari Elkarteko kideek.