Urrian mendiak ehiztariz betetzen hasten dira eta halaxe gertatzen da Etxalargo usategietan ere. Azken hamar urteetako ohiturari jarraituz, aurten ere usategietan bisita gidatuak egiteko aukera izanen da. Ehiza eremu honetan, 600 urte baino gehiagoko tradizioa duen sare bidezko uso ehiza zuzenean ikusteko aukera ematen da.
Bisitak urriaren 1etik, azaroaren 20ra egiten dira. Ortziraletik igandera eta baita besta egunetan ere. Goizeko 09:00etan, 11:00etan edo 13:00etan egin daitezke. Bertan, sarezko ehizari buruzko xehetasunak azaltzen dira (tradizioa, tresnak, ehiza metodoa…), tradizioa burutzen den eremuaren barruan eta usazaleak lanean ari diren bitartean (eguraldia eta ehizaren arabera) eta hau 15 minutuko ikusentzuezko batekin osatzen da. Honetaz gain, sareetan behatoki batera sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren ikusten baita. Bisitaren iraupena, 60 minutu ingurukoa da eta prezioa berriz, 4€koa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat, 3€ pertsonako.