Euskal Herrian ekoiztu eta banatzen diren produktuak euskaraz etiketatzearen aldeko manifestua kaleratu dute. Irail hasieran, Euskal Herria Esnea kooperatibari euskara hutsez etiketatzeagatik Eusko Jaurlaritzak prozedura ireki zionean hasi zen afera. Euskara hutsez etiketatzen dutenen aurka isuna eta debekua iragarri zituenean.
Kaleratu berri den manifestuarekin Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea aldarrikatu nahi da. Administrazio publikoei euskararen aldeko politika positiboak sustatu eta saritzeko deia egin eta ekoizle eta banatzaileak etiketetan euskara erabiltzera animatu nahi dituzte. Sinatzaileek kezkaz ikusten dute etiketetan ematen den informazioa erabat erdalduna eta arrotza izatea. Horrela, Euskal Herrian banatzen diren produktuak, gutxienez euskaraz etiketatu beharko liratekeela aldarrikatzen dute. Bestalde ez dute onartzen euskaldunon eskubideak bermatzeko urratsak emateagatik isunik jasotzea eta horregatik, Euskal Herria Esnearen aurka irekitako prozedura gibelera botatzea eskatzen dute.
Manifestua irakurri eta atxikimendua eman nahi dionak www.euskarazetiketatu.com orrialdean du horretarako aukera.