Jon Irazu gipuzkoarra nagusitu zen irailaren 30ean Aizarnazabalen (Gipuzkoa) jokatutako Euskadiko bigarren mailako aizkolari txapelketaren finealean. Zizurkilgo aizkolaria aurrea hartu du lanerdietan eta arazorik gabe lortu du erritmoari eustea txapela janzteko. Ondorioz, iaz hirugarren Mailako Euskadiko txapela jantzi zuen eta urte baten buruan bigarren mailakoa. Ander Erasun izan da txapeldunordea. Aurtiztarrak 48 segundu gehiago behar izan ditu; biak ala biak Euskadiko Maila Nagusian ariko dira heldu den sasoian.
Sei aizkolari lehiatu ziren Aizarnazabalen bigarren mailako txapelaren eta lehen mailan aritzeko eskubidea ematen duten bi txartelen bila. Aizkolari bakoitzak seina pago-enbor ebaki zituen: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzako); hau da, Maila Nagusiko finaleko lanaren erdia.
Aurreneko bi enborretan indartsu aritu zen Mugerza, bai gutxienez txapeldunaren parean. Irazuk, ordea, saio osoan iraun zuen, baina Mugerzaren hasiera onak lehen onbikoraino (hirugarren enborra) iraun zuen. Larretxeak ere ongi eutsi zion lanerdierainoko jardunari, baina prestakuntzaz motz dabilela berretsi zuen finalean. Larrañagak, Zalduak eta Erasunek oso norgehiagoka estua izan zuten lanerdietatik aitzinera. Aipatzekoa da Erasunek azken erdi horretan egindako lana. Izan ere, aurtiztarra azkenekoa zen lan erdietan, Irazutik kasik minutu terdira eta Larrañagak ezin izan dio Zalduak eta Erasunek ezarritako erritmoari eta bete egin da azken enborrean. Erasunek, berriz, azkartu egin du erritmoa azken kanaerdikoan, eta mendean hartu du Zaldua hiru segundurengatik.
Azkenean, Jon Irazu txapeldunak 19 minutu eta 7 segundu behar izan ditu lanak bukatzeko. Ander Erasunek 48 segundu gehiago (19:55) eta Zumarragako Xabier Zalduak Aurtizkoak baino 3 segundu gehiago (19:58). Mikel Larrañaga azpeitiarra laugarren izan da (20:23), Ugaitz Mugertza mutrikuarra bosgarren (21:23) eta Oihan Larretxea beratarra seigarren (22:20).