Igandean jokatuko da II. Mailako Euskadiko Aizkora Txapelketako finala Aizarnazabalen. Arratsaldeko sei eta erdietan izanen da norgehiagoka eta gure eskualdeko ordezkariak ere bertan izanen dira. Ander Erasun 22 urteko aurtiztarra eta Oihan Larretxea 22 urteko beratarra. Denera sei aizkolari izanen dira aurrez aurre, eskualdekoek Jon Irazu (Zizurkil), Mikel Larrañaga (Azpeitia), Ugaitz Mugerza (Mutriku) eta Xabier Zaldua (Zumarraga) izanen dituzte aurkari.
Aizkolari bakoitzak sei pago-enbor ebaki beharko ditu: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Lana txukun egiteko denborarik guttiena behar duena izanen da II. mailako txapeldun berria.
Abuztuaren 17an jokatu zen finalerako txartela eskuratzeko kanporaketa Azkoitian. Erasun txapeldunorde izan zen, 28 segundoko aldea atera zion Irazu txapeldunak. Larretxeak laugarren egin zuen kanporaketan, irabazleak baino minutu eta sei segundo gehiago behar izan zituen lanak akitzeko.
Bertzalde, Ander Erasun 2012ko Maila Nagusiko Nafarroako Txapelketaren finalerako sailkatu zen joan den igandean Uharte-Iruñean. Larretxeak ere jokatu zuen kanporaketa hori, baina ez da finalean izanen zortzigarren sailkatu zelako.