Murrizketen aurka Madrili planto egiteko, aunitz izan ziren atzoko grebarekin bat egin zutenak. Industria gune handietan eta sektore publikoan nabaritu zen gehien grebaren eragina. Baztan inguruan enpresen %80k itxi zituen ateak eta Leitzaldean erabatekoa izan zen greba. Mobilizazioetan izandako jendearen parte hartzea azpimarratu zuen Koldo Saenz, LAB sindikatuko ordezkariak. Joxe Mari Arribillaga, Baztan-Bidasoaldeko ELA sindikatuko ordezkariaren erranetan, grebak segida zabala izan badu ere, ez da martxokoarekin konparatu ahal, zenbait langilek “gaur egungo egoeraren beldur” direnez, lanera joatea erabaki zutelako.
Industria arloan grebak lantegi handienak geldiarazi zituen. Lesakan, Arcelor Mittal Proccesing lantegian %100ekoa izan zen grebaren segida eta AM Lesakan %90ekoa. Zalaingo Condesa, Funvera eta Savera lantegietako produkzioa ere erabat geldirik zegoen. Aldiz, Alco, Hidrorubber edo Conservas Martiko lantegietan langile gutti batzuk bakarrik egin zuten greba eta Composites Gurea lantegian, langileen %20k baino gehiagok lan egin zuela onartu dute sindikatuek, “datu kezkagarriak” direla adieraziz. Alde horretatik, lantegietan batzarrak bai, baina bozketarik ez zela egin aipatu dute eta ”askatasun horretan, gaur egungo egoera beltzaren beldur, lanera joatea erabaki zuten, Arribillagaren erranetan.
Orokorrean, Zalain eta Alkaiagako industrialdeetan grebaren segida %70-80koa izan zela aipatu zuten sindikatuetatik. Doneztebeko Aparan industrialdean eta Leitzalderako errepideko tailer eta lantegietan aktibitaterik gabe egon ziren goizean. Baztanen Harrilan eta Marmoles del Baztan enpresek itxi egin zuten. Leitzako Sarriopapel lantegian ere greba egin zuten langile guziek. Administrazio arloan, Herriko Etxe gehienetan (Baztan, Leitza, Goizueta, Doneztebe, Bera, Lesaka…) guttieneko zerbitzuak bertzerik ez zituzten eskaini.
Komertzioan, Berako komertzioaren %80 inguru itxia egon zen goizetik eta pikete informatiboak pasatzerakoan %90era igo zen kopurua. Lesakan ere ia erabat itxi zuen komertzioak, %90 inguru. Donezteben ere %90 inguruko jarraipena izan zuen. Elizondon goizean komertzioen %50ak soilik egin zuen bat grebarekin, baina manifestazioaren ondotik %90era igo zen jarraipena. Irakaskuntzan, ikastetxe gehienek zerbitzu minimoak eskaini zituzten. Lesaka, Leitza, Doneztebe, Altsasu eta Otsagin adibidez, %80tik gorako segida izan zuen. Berako Toki-Ona institutuan, langileen erditsuak greba egin zuen, sindikatuetako iturrien arabera.
Greba egiteaz gain, jende aunitz irten zen kalera deituta zeuden mobilizazioetara. Koldo Saenz, LAB sindikatuko ordezkariak mobilizazioak jendetsuak izan zirela azpimarratu du. Lesakan esate baterako, 50 bat lagun bildu ziren atzo goizean. "Aski da! Ekonomia herritarron esku" zioen pankartaren gibelean ordu laurden batez.Elizondo eta Doneztebeko mobilizazioak izan ziren jendetsuenak, 500 lagun inguru batu ziren. Baina, debekurik ere izan zen. Beran eguerdiko hamabietan konbokatua zegoen manifestazioa bertan behera gelditu zen, manifestazioa ateratzea galerazi zuelako Guardia Zibilak. Manifestariak Funvera paretik ateratzerakoan iritsi da debekua. Nonbait, Espainiako Gobernuko Delegazioak dio baimenak epez kanpo eskatu zirela eta aitzaki horrekin, manifestazioa ateratzen bazen kargatu eginen zutela erran zieten guardiazibilek antolatzaileei. Eta horren erakusgarri, Berako kuarteletik, sirenak martxan eta antidisturbio materialarekin agertu ziren patrolak. Sindikatuetako ordezkariek aipatu zutenez, baimena duela hamar egun eskatu zen lehen aldiz eta hau ukatu ondotik, bertze bitan ere eskatu zen, erantzunik jaso gabe. Hala ere, guardia zibilaren jarrera ikusita, manifestazioan ez ateratzea erabaki zuten eta arratsaldeko 17:30ean Donezteben egin zen manifestaziora joateko deia egin zuten.