San Migel bestak hasiko dira bihar Urroz eta Igantzin. Bi herriek, bestarako gogoz dagoena asetzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte. Irailaren 28tik urriaren 1era lau egunez izanen da bestarako aukera.
Ortziralean lehertuko da altxaferoa bi herrietan, arratsaldeko zortzietan. Igantzin hala ere, besta giroan sartzen joateko, altxaferoa bota aurretik, herritarrek mus eta partxis txapelketan parte hartu, dantza ikuskizunaz gozatu eta elkartasun brindisa egiteko aukera izanen dute. Larunbatean, San Migel Egunean, eguerdi partean ikurrin agurra eta ezpatadantzarien saioa izanen da. Arratsaldeko seietan, Nafarroako Harri Altxatze Txapelketa eta herritarren arteko desafio mundiala izanen dira. Gauerditik aitzinera DJ ALKAPEren musika izanen da. Igandean arratsaldeko bostetan emakumeen pala txapelketa izanen da eta zeresana emanen duen partida izanen da, munduko txapeldunak lehiatuko baitira. Astelehenean, besten hondarreko egunean, herritarren arteko jokoak, herri bazkaria, suzko zezenak eta dantzaldia antolatu dituzte.
Urrozen ez da inor bestak hasi direla ohartu gabe geratuko, arratsaldeko zortzietan botako duten altxaferoaz gain, ezkilak ere joko dituztelako. Larunbata izanen da hala ere, egunik garrantzitsuena, San Migel egunean, koadrilen eta peñen eguna eginen da. Afaria antolatu dute eta kupela eta txiste kontalaria ere izanen dira. Arratsaldez eta gauez AIERRIK taldearekin dantzaldia izanen da. Igandean eguerdiko ordubatean aizkora apustua izanen da, Kastro, Saralegi, Rekondo eta Kañamares elkarren kontra ariko dira. Arratsaldeko zortzietan tortilla eta postre lehiaketa izanen dira eta arratsaldez eta gauez dantzaldia AGERRALDErekin. Astelehenean, herri bazkaria antolatu dute, Soto eta Irazu bertsolariekin, gai-jartzailea Kopito izanen da. Gaueko hamarrak aldera plazan afaria eginen dute zingarra eta txistorrarekin eta SALABERRIren dantzaldiarekin bestak agurtuko dituzte datorren urterarte.