Murrizketen kontra irailaren 26rako deitua den greba orokorrak segida zabala izaten ari da eskualdean, baina “zoritxarrez, ez da azkenekoarekin konparatzen ahal”. Joxe Mari Arribillaga, Baztan-Bidasoaldeko ELA sindikatuko ordezkariaren hitzak dira. Arribillagaren erranetan, grebaren segida eskasago horren gibeletik ez dago langileek diruari begiratzen diotela, “gaur egungo egoeraren beldur” daudela baizik.
Halere, industria arloan grebak lantegi handienak geldiarazi ditu. Lesakan, Arcelor Mittal Proccesing lantegian %100ekoa izan da grebaren segida eta AM Lesakan %90ekoa. Zalaingo Condesa, Funvera eta Savera lantegietako produkzioa ere erabat geldirik zegoen. Aldiz, Alco, Hidrorubber edo Conservas Martiko lantegietan langile gutti batzuk bakarrik egin dute greba eta Composites Gurea lantegian, langileen %20ak baino gehiagok lan egin duela onartu dute sindikatuek, “datu kezkagarriak” direla adieraziz. Alde horretatik, lantegietan batzarrak bai, baina bozketarik ez dela egin aipatu dute eta ”askatasun horretan, gaur egungo egoera beltzaren beldur, lanera joatea erabaki dute”, Arribillagaren erranetan. Orokorrean, Zalain eta Alkaiagako industrialdeetan grebaren segida %70-80koa izan dela aipatu dute sindikatuetatik.
Doneztebeko Aparan industrialdean eta Leitzalderako errepideko tailer eta lantegietan aktibitaterik gabe egon dira goizean. Baztanen Harrilan eta Marmoles del Baztan enpresek itxi egin dute. Leitzako Sarriopapel lantegian ere greba egin dute langile guziek.
Administrazio arloan, Herriko Etxe gehienetan (Baztan, Leitza, Goizueta, Doneztebe, Bera, Lesaka…) guttieneko zerbitzuak bertzerik ez dituzte eskaintzen.
Komertzioan, Berako komertzioaren %80 inguru itxia egon da goizetik eta pikete informatiboak pasatzerakoan %90era igo da kopurua. Lesakan ere ia erabat itxi du komertzioak, %90 inguru. Donezteben ere %90 inguruko jarraipena izan du eta Elizondon ez da hain zabala izan.
Irakaskuntzan, ikastetxe gehienek zerbitzu minimoak eskaini dituzte. Berako Toki-Ona institutuan, langileen erditsuak greba egin du, sindikatuetako iturrien arabera.