Hilabete honetan bukatuko da konpostontziak eskatzeko epea

Ttipi-Ttapa 2012ko irailaren 24a

Neurri haundiko trasteak biltzera etxeraino joaten dira bila, eta dohainik.

Baztan, Bortziriak eta Malerreka-Bertizaranan eman daiteke izena

Baztango Udalak eta Malerreka eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateek konpostontzi gehiago banatuko dituzte. Dagoeneko 624 banatu dituzte baina irailaren 30era arte izanen da oraindik eskatzeko epea. Interesatuek Baztanen kasuan udaletxera eta bertze kasuetan mankomunitateetara deitu behar dute.

Baztango Udalak eta Malerreka eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateek azken lau urte hauetan egin dituzten konpostaren kanpainetan, guztira 624 konpostontzi banatu dituzte dohainik. Horietan azkenak ekainean eta uztailean egin zituzten. Ekainean, adibidez, 164 konpostontzi banatu zituzten Baztanen eta  88 Malerrekan. Uztail hasieran, berriz 43 konpostontzi banatu zituzten Bortzirietan.

Oraindik ere norbait interesatua baldin badago izanen du aukera, zerrenda berria betetzen ari baitira. Hilabete honetan izanen da eskatzeko aukera, irailaren 30era arte. Baztanen 948 580006ra deitu behar da, Malerrekan 948 451746ra eta Bortzirietan 948 635254ra.

Bertzalde, traste haundien bilketa egiteko telefono berria dela oroitarazi dute Mankomunitateetatik. Deituz gero, orain arte bezala etxera joanen dira bila eta dohainik, baina orain telefono berri honetara deitu behar da: 672 045734.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun