Urriaren 7an jokatuko da Maila Nagusiko Nafarroako Aizkora Txapelketako finala Etxarri Aranatzen, eta kanporaketan joan den asteburuan denborarik onena egin zuten bortz aizkolari ariko dira lehian, Nafarroako txapelaren bila: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz, 43 urte), Donato Larretxea (Arantza, 52 urte), Jon Rekondo (Leitza, 27 urte), Antonio Senosiain (Olague, 46 urte) eta Ander Erasun (Aurtitz, 22 urte).
Kanporaketa igandean, irailak 23, jokatu zen Uharten eta bederatzi aizkolari aritu ziren lanean. Finalera sailkatu diren bortz horiekin batera, Juan Jose Lopez (Lezaun), Aitor Senosiain (Olague), Oihan Larretxea (Bera, 22 urte) eta Julen Kañamares (Berriozar, 22 urte). Hiru aizkolariko hiru txandatan aritu ziren lehian bederatzi aizkolariak. Lehenbizikoan Nazabal, Lopez eta Aitor Senosiain aritu ziren lanean eta Nazabal nagusitu zen. BIgarren txandan, Oihan Larretxea, Erasun eta Antonio Senosiain aritu ziren eta Senosiain nagusitu zen. Azken txandan, Donato Larretxea, Rekondo eta Kañamares aritu ziren eta Larretxeak hartu zuen probaren burua.
Lan guztiak bukatuta, Nazabalek egin zituen denborarik onenak egur guztietan (12:25.16), baina kanporaketako marka Donato Larretxeak dauka (11:09).
Maila Nagusia galduko dutenak, berriz, Julen Kañamares eta Juanjo Erdozia dira, lehena kanporaketan azkena sailkatu zelako eta Erdozia kanporaketan ez parte hartzea erabaki zuelako.