Euskal Herriko emakumezkoen eta gizonezkoen txokor biltze txapelketak jokatu ziren irailaen 1ean Donostian eta bietan aipagarria izan zen kirolariek egindako lana. Emakumezkoetan, Maika Ariztegi iturendarrak hamabigarrenez jantzi zuen txapela eta ondu egin zuen bere marka. Gizonezkoetan, Fernando Etxegarai beratarra bigarren sailkatu zen eta Patxi Irazoki igantziarra laugarren.
EmakumezkoAK
Sei kirolari aritu ziren lehian. Maikari (40 urte) txokorrak saskiratu ahala, garbi ikusi zitzaion Euskal Herriko marka ontzeko bidean zela, eta bi kale egin arren, txapela jantzi zuen hamabigarrenez eta lau segundotan hobetu zuen berak lehendik egina zuen Euskal Herriko marka.
07:13ko denbora egin zuen; bigarren Josune Gorostidi sailkatu zen (Gipuzkoa, 44 urte; 07:34), hirugarren Naiara Ferran (Araba, 28 urte; 07:51), laugarren Nerea Arrizabalaga (Gipuzkoa, 36 urte; 07:52), bosgarren Garazi Arruti (Bizkaia, 26 urte; 08:01) eta seigarren Itxaso Hernandez (Araba, 34 urte; 08:37).
GizonezkoAK
Gizonezkoetan zazpi kirolari aritu ziren lehian eta bizkorrena Eneko Garmendia izan zen (Gipuzkoa, 31 urte), 06:02ko denbora eginez. Fernando Etxegarai 40 urteko beratarra bigarren gelditu zen (06:15), Gotzon Zulaika hirugarren (Gipuzkoa, 22 urte; 06:27), Patxi Irazoki 34 urteko igantziarra laugarren (06:31), Alfonso Alvarez bosgarren (Bizkaia, 41 urte; 06:40), Gorka Alegria seigarren (Araba, 33 urte; 06:47) eta Aritz Ruiz zazpigarren (Araba; 06:50).
Txapeldunak denbora ona egin arren, oraindik Etxegarairena da marka. 2004an 05:57ko denbora egin zuen eta hori da oraingoz marka. Euskal Herriko Txokor Biltze Txapelketa zazpi aldiz irabazia du Etxegaraik.