Hiru ikasgela berrietatik bat osoki elebiduna da aurten Arretxea kolegioan

Franck Dolosor 2012ko irailaren 21a

Magali Zubillaga Arretxea kolegioko zuzendaria.

Magali Zubillaga zuzendariarekin hitz egin dugu

Irail hastapenean, oporrak bukatu eta esko­lako bidea hartu zuten berriz herriko ehunka gaztek, hauean artean Arretxea kolegioan dabil­tzan 231 ikasleek. Aurten 50 urte beteko ditu Senpereko kolegioak eta karia hortarat, Magali Zubillaga bertako zuzendariarekin mintzatu da TTIPI TTAPA. 36 urteko aldu­darra ezaguna da kanta­ri gisa eta pilota partidak komentatzen baititu Ipa­rraldeko Euskal Irra­tiak sarean. Baxe Nafar hunentzat hamekaga­rren sar­tzea izan da Senperen eta aurten ere kolegioa zuzentzeaz gain euskara eta gaztelania irakasten segituko du.
 
• Irailaren 3an, ohitura­ri jarraikiz, 11 urteko ikasle berri guztiak­ erre­zebitu dituzue. Nola iragan da eguna?­
Magali Zubillaga: Biziki inportanta da seiga­rrenak bakarrik errezebi­tzea. Hautua egin dugu la­saiki gela eta ira­kas­leak­ ezagut ditzaten. Bes­te ikasle guztiak biha­ramunean hasten dira lanean. Dena ongi doa baina urduritasun pixka bat bada beti bi aldetatik. Gu usatuak gira baina sendi­ da lotsa direla ikasle ba­tzuk. Lehen egunak dira­, kezka. Seiga­rrenerat sar­tzea aldaketa da haien­tzat eta bura­soentzat.
 
• Orain lau urtez ikasiko dute hemen?
MZ: Normalki lau urte pasako ditugu elgarre­kin, ez badira bidez alda­tzen. Gure hezkuntza proiektuan leku haundia ematen diogu elebitasunari. Aurten, hiru geletatik bat elebiduna da osoki. Indar egiten dugu euskaraz gain, beste ikasgaiak ere euskaraz irakasteko: historia-geogra­fia, kirola eta biologia. Uste dut euskararen tokia aitzinatu dela azken 11 urteetan, nahikari bat baita. Elebitasuna Senperen, nola ez? Bada euskaldun erro bat halai­ke hemen! Heren bat sail­ elebidunean ikasten ari da eta haientzat proiektu­ desberdinak ditugu. Es­kola elebidunetatik etor­tzen da ikasle frango: Sen­pere, Sara, Azkaine edo Zuraide; segitze bat da haientzat. Kolegioa bukatzeko azterketa, brevet delakoa, histo­ria eta geografia euskaraz egin dezakete. Duela bi urte lehen aldikoz egin zuten euskaraz. Bertzalde, bigarren urtea da seigarrenean bes­te bi hiz­kuntzen artean hauta badela, ingelesa edo espainiarra. Geroago, laugarrenean bi hizkun­tzak sartzen dira bi urte lehenago egin zuten hautuaren arabera.
 
• Arretxea ikastegi ttikia gero eta haundiagoa bilakatzen ari da?
MZ: Aski ttikia da, neurri politekoa, eta aurten sartze hoberena dugu kopuru aldetik: 231 ikasle 10 geletan banatuak eta 25 irakasle-hezitzaile gazte hauen zain­tzeko eta laguntzeko. Dena antolatu behar da: irakaskuntza, proiek­tu pedagokiko berriak, bastimenduak begiratu... baina talde biziki ona dugu eta zinez plazer bat be­rriz urte bat abiatzea elga­rrekin. Arretxean bi gauza pasarazi nahi ditugu: kolegioak galdegiten dituen jakitateak, pun­duan izan diten bakoi­tzak bere urteko programarekin; eta gero bizi­tzeko manera bat. Kolegio girixtinoa da eta bakoitzari ardura haundia eman nahi diogu, bakoi­tzak bere tokia sendi dezan bertzeen errespe­tuan. Nekezian den hau­rrari bere lekua atzeman dezan laguntzen diogu, denek baitute zerbait on eta zerbait egiteko. Tailer ainitz eta bidaiak proposatzen ditugu idekidu­ra emateko. Hau eskola bat da, baina horren ondoan nahi dugu bakoi­tzak bere lekua atzeman dezan eta biharko gizarteari buruz presta dadin. Seigarren eta bortzga­rrenek badute erlijioari buruzko ikasgaia eta geroago gogoeta denboral­diak egiten ditugu. Astia hartzen dugu urte hasta­penean kolegio osoa bil­tzeko eta partitzen gira kurri denak elgarrekin. Ge­ro hitzorduak baditugu berriz bil­tzeko urtean zehar, elgarrekin bizitzen ikasteko eskolan eta eskolatik kanpo. Balore horiek eguneroko izateko maneran ditugu, ez da deus arrarorik gauza humanistak baitira.
 
• Maiz irakasleak kexu dira baliabiderik ez dutelakoan, zuek ere holako arazorik jasaten duzue?
MZ: Egiazki, ez hainbertze. Harremanak ez dira beti errexak Akademiako errektorearekin baina entseatzen gira ai­tzinatzea beti ekiparen dinamismoarekin. Ba­bes­tuak gara pixka bat hemen eta orokorrean baldintza onetan ari gira­. Eguneroko biziak ekar­tzen ditu arazoak ikasle bat kolpatzen delarik, bere etxeko lanak ez dituelarik egin, gaizki mintzatu zaiolarik irakasle bati; baina horretarako gau­de­ hezitzaileak eta denek elgarrekin ainitz hitz egiten dugu aterabideak­ atze­mateko. Hortan da gu­re indarra eta bura­soek konfiantza ematen daukute. Xan­tza haundia dugun hemen irakasle izatea, ez dute denek xantza bera baldin­tza hoberenetan erakasteko. Batzuk badakit, eta ez hain urrun ere, tripan beldurrarekin joaten direla lanerat. Horrek ez du balio, dugun xantza behar dugu preziatu. Baina kolegio zailetan ere behar dira irakasleak. Agian, ongi inguratuak di­ra, eta indartsu! Jainkoari esker mementuan arrunt urrun gira hortatik­.
 
• 50 urtez ehunka-milaka ikasle pasatu da Arre­txean baina atxikimendua biziki haundia da beti?
MZ: Plazer egiten du harremanak atxikitzea. Gero lizeorat joaten dira eta ortziraletan hemen baino goizago bukatzen baitute etortzen dira hunat eta solas egiten dugu. Gure ikuste­rat etor­tzea baikorki ikusten dugu. Ikasturte hon­darrean­ 50. urtemuga ospatuko dugu Gérard Luc irakasle eta musikariarekin.
 

EUSKARA
«Euskararen tokia aitzinatu egin da azken 11 urteetan, nahikari bat baita»

Magali ZUBILLAGA
Arretxea kolegioko zuzendaria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun