Joare soinuak, bertsolariak eta aizkolariak larunbat honetan Iturenen eginen den Joaldunen Egunean

Ttipi-Ttapa 2012ko irailaren 21a

Goizean Ameztia auzoan barna ibili ondotik, eguerdi aldera herrira jaitsiko dira joaldunak.

Eguerdian Nazabal eta Larretxeak aizkora saioa eskainiko dute

Goizean Ameztia auzoan ibiliko dira joaldunak eta herrira jaisten direnean, Irazu eta Barandiaran bertsolarien saioa eta Nazabal eta Larretxearen aizkora erakustaldia izanen dira. Bazkaria plazan izanen dute eta ondotik, Joxeanjel akordeoilariarekin dantzaldia izanen da.

Bertze urte batez, Joaldunen Eguna antolatu dute Iturenen eta larunbat honetan izanen da. Goizean goizetik joare soinuak nagusituko dira herrian barna. Goizean plazan bilduko dira joaldunak eta trikitilari eta panderojoleen laguntzarekin Ameztia auzorako bidea hartuko dute. Auzoko baserrietan ibili ondotik Lasaga auzora jeitsiko dira eta ondotik herrira.

Behin plazara inguratuta, Jexux Mari Irazu eta Aitzol Barandiaranek bertso batzuk botako dituzte eta aizkora apusturik ere ez da faltako. Floren Nazabal eta Donato Larretxeak aizkora saioa eskainiko dute.

Bazkaria plazan eginen da eta bazkalondotik aitzinera, Joxeanjel akordeoilariarekin dantza batzuk egiteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun