Denon ahotan hainbertze aipatzen den krisi ekonomikoa, jendartearen eta sistema kapitalistaren krisia dela, eta gazteria krisi horrekin «bereziki hunkitua» dagoen kolektiboa izaki, gazteak ere irailaren 26an deituriko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte Bortzirietako gazteek. Izan ere, gogoratu dutenez, «langabezia hagitz handia da gazteen artean (espainiar estatuan, adibidez, bi gaztetik bat langabezian dago) eta ikasten dabiltzan gazteek ere pairatzen dituzte horren ondorioak, hezkuntzan egindako murrizketak direla medio, ez baitago ikasteko baldintza duinik».
Bertzalde, Bortzirietako gazteek aldarrikatu dute «gazteon geroa gure eskuetan dagoela eta hau ez dela norbanakoen arazoa, jendarte osoarena baizik. Horren adierazgarri da eskualde honetan krisia izaten ari den eragina, zeinak erakusten duen hau ez dela soilik hemendik kanpo gertatzen ari den arazo bat». Egoera honek Euskal Herriak independente izateko duen beharra berresten duela ere erran dute, «espainiar estatuak inposaturiko neurriek galbidera baitaramate herria».
Hori gutti balitz, «eskubide urraketak jasaten ari garela eta egoera irauli ezean kalteak gazteontzat izanen direla» adierazi dute, «orain marrazten ari garena izanen baita biharko gure jendartea». Horregatik eta bertze hainbat arrazoigatik, gazteak ikastetxe zein lantokietan antolatzeko deia luzatu dute Bortzirietako gazteek, «arazoari behar den garrantzia emanez, benetako aldaketa ekonomiko eta soziala posible delako».