Abuztuaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren telebista digitalen lizentziak esleitzeko bi deialdi. Lehenbizikoaren arabera, 20 tokiko telebista berrirendako lizentziak esleitu nahi dira, bosna hiri-eremu bakoitzean. Lizarra ingururako 5 lizentzia, Iruñerrirako 5, Zangozalderako 5, Tafalla ingururako 5 eta Tutera alderako 5. Tokiko telebisten ikus-eremua tokikoa izanda, eremu horietatik kanpo ez lirateke ikusiko.
Bigarren deialdian, bertze bi telebistendako lizentziak banatuko dira baina, kasu honetan, telebista berrien ikus-eremua Nafarroa osokoa izanen da. Telebista kate berriek berriki emititzeari utzi dioten Canal 4 eta Popular TVk utzitako lekua hartuko dute.
MENDIALDEA LIZENTZIA AUKERARIK GABE
2006an antzeko prozedura bete zuen Nafarroako Gobernuak. Bai orduan eta bai orain, ez du tokiko telebistendako lizentzia aukerarik aurreikusi Vascuencearen Legeak eremu euskaldunean sartzen dituen udalerrientzat. Horrela, Nafarroako Parlamentuak 2006an hartutako akordioei kasurik egin gabe, Foru Gobernuak berriz atea itxi die TTIPI-TTAPA Telebistak edo Xaloa Telebistak azkeneko hamarkadetan hainbat aldiz egindako eskaerei.
20 LIZENTZIA BERRI
Nafarroa osorako bi kanalez gain, tokian tokikoetan 20 lizentzia esleitu nahi ditu Gobernuak. Gehiegizko lizentzia kopurua da, tajuzko programazio bat eginez ekonomikoki bideragarriak izateko hainbat eskualdetan, Zangotzaldeak 9.000 biztanle baino ez baititu, Tafallak 12.000…
ETB-REN EGOERA
Gara egunkarian argitaratutakoaren arabera, ETBko zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira deialdi honetara aurkezteko aukerarik duten ala ez. Informazio horrek dioenez, joan den martxoan elkartu ziren Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia eta Juan Luis Sánchez Muniain kontseilaria gai honetaz hitz egiteko. Aurkeztea erabakiko balu eta deialdiaren eskakizunak kontuan hartuta, ETB behartua egonen litzateke Nafarroari buruzko programazio espezifikoa ekoiztera Nafarroan.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bere aldetik, «kezka handiz» hartu du Gobernuaren deialdia: «ez du euskara hutsezko lizentziarik gorde, eta programazioan euskara erabiltzeagatik esleituko duen puntuazioa hutsaren hurrengoa da». Deialdia Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideen aurka daraman politikaren segida dela salatu du.