Gainean dugu iraileko hitzordu garrantzitsuenetariko bat: Joaldunen Eguna. Larunbat honetan, irailak 22, eginen da eta goizean goizetik nabarituko dira joare soinuak han eta hemen.
Goizean goiz, plazan bilduko dira joaldunak eta trikitilari eta panderojoleen laguntzarekin Ameztia auzorako bidea hartuko dute. Baserriz baserri ibili ondotik, Lasaga auzora jeitsiko dira eta gero herrira. Behin plazara inguratuta, Jexux Mari Irazu eta Aitzol Barandiaran bertsolariak esperoan izanen dituzte eta hauek bertso batzuk botako dituzte. Eta urtero bezala, aizkora apustua ere izanen da, Floren Nazabal eta Donato Larretxearen eskutik.
Bazkaria plazan eginen da eta bazkalondotik aitzinera, Joxeanjel akordeoilaria arduratuko da giroa alaitzeaz.