Andoni Eizagirre herritarrak Pirinioetako 50 tontorrik politenak egin ditu eta gisa honetara, bere ametsa egi bihurtu du. Tontor guztiak egiteko hamar urte behar izan ditu. Berarekin solastu gara kontu honen hasiera nola izan zen jakiteko, eta berak erran digunez, mendirako zaletasuna bere neskalaguna den Agurtzaneren bidez sartu zitzaion, eta berak oparitu zion Pirinioetako 50 tontorrik politenak biltzen dituen liburua.
Lehenbiziko mendi tontorretara bere neskalagunarekin eta bere koadrilarekin, anaia-arrebekin eta koinatuekin joan zela kontatu digu. Handik urte batzuetara alaba jaio zitzaion, eta gailurretara bere anaia Juanmirekin joaten hasi zen. Gerora, ordea, anaiari belauna hautsi zitzaion eta handik aitzinera berak bakarrik segitu zuen mendietarako bidea egiten.
Igo dituen gailurren artean, mendirik zailena Gourgs Blancs (3.129 metro) egin zitzaiola aitortu digu, bere lehengusu Frantxisekin igo zuena, hain zuzen. Bere 50. mendia, berriz, Urkulu (1.419 metro) izan zen eta hau bere alaba Aranekin igo zuen, aitarentzat 50.a eta alabarentzat lehenbiziko mendia.
Lerro hauen bidez zorionak eman nahi dizkiogu Andoniri eta berak dioen bezala, «denak mendira mendi aunitz daude-eta ikusteko inguruan». Eutsi sasoiari!