Maila Nagusiko Nafarroako Aizkora Txapelketako kanporaketa igande honetan, irailak 23, jokatuko da Iruñeko Uharten. 17:30etik aitzinera, bederatzi aizkolari ariko dira lehian eta aizkolari bakoitzak bortz pago-enbor ebaki beharko ditu: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat.
Bederatzi aizkolariak hauek izanen dira: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Donato Larretxea (Arantza), Juan Jose Lopez (Lezaun), Jon Rekondo (Leitza), Antonio Senosiain (Olague), Ander Erasun (Aurtitz), Aitor Senosiain (Olague), Oihan Larretxea (Bera) eta Julen Kañamares (Berriozar). Juanjoxe Erdozia (Etxarri-Aranatz) ere aritzekoa zen baina azkenean ez parte hartzea erabaki du. Ondorioz, bera izanen da maila galduko duena, azkena sailkatzen denarekin batera. Finala Etxarri-Aranatzen jokatuko da urriaren 7an.
2011ko emaitzak
Joan den urteko kanporaketan, denborarik onena Juan Jose Lopezek egin zuen. Floren Nazabalek istripu bat izan zuen bi egun lehenago eta ezin izan zuen kanporaketan parte hartu. Jon Rekondo, berriz, kanporaketan bigarren gelditu zen eta Donato Larretxea hirugarren. Ander Erasun bosgarren eta Oihan Larretxea zazpigarren gelditu ziren.