Irailaren 23an, igandea goizeko 11:30ean, uso sasoiari hasiera emateko, Sara eta Etxalarko udalen arteko hitzarmenaren sinadura publikoa eginen da Lizarietako lepoan, eta kari horretara, Lizarietako zelaian besta antolatu dute.
11:00etatik 13:00etara bi herrietako artisau-lanen erakusketa eta salmenta izanen da. Harriak lantzen, paletak egiten, taloak prestatzen eta gisako lanetan arituko dira eskulangileak.
11:30ean bi herrien arteko hitzarmenaren sinadura ekitaldia eginen dute Jean Battite Laborde Sarako auzapezak eta Migel Mari Irigoien Etxalarko alkateak.
12:00etan Orson Welles zine zuzendariak egin zuen The land of the Basques dokumental historikoaren zati bat proiektatuko da, hain zuzen Etxalarko usategietan 1955ean hartutako irudiak agertzen dituena.
12:30etik 14:00etara pottoken konkurtsoa eginen da. Zazpiak Bat Sarako dantzariek emanaldia eskainiko dute, Sarako Saranga gaitero taldea ere ariko da eta sokatira saioa izanen da.
14:00etan zikiro jatea izanen da Lizarietako zelaian, Sarako gaitero eta kantu tradizionalekin lagundua. 250 lagunek izena emana omen dute otorduan eta mahainguruko bestan parte hartzeko intentzioarekin.
Goiz eta arratsaldez, Usoak sarean izeneko erakusketa ikusgai izanen da, Sarako Ondarea elkarteak antolatua. Bertan, Piriniotan sareekin aritzen diren 10 usategietako argazkiak eta datuak ageri dira.