Bosgarren urtez eta mugikortasunaren astearekin bat eginez, Bertizko Turismo Partzuergoak Bide Berdetik bizikleta martxa antolatu du eta “eskualdeko biztanleak bere parte hartzearekin Komunikazio jasangarrirako azpiegitura honen alde agertzera” deitu ditu.
Era berean turismo entitate bezala Nafarroako bertze tokietako eta bertze lurraldeetako kirol eta naturzale guztiak ere gonbidatu ditu bide berde hau ezagutzera eta honen bidez Baztan-Bidasoako zonaldea.
Martxak bi bertsio ditu: luzea, Behobiako zubi internazionalatik Bertizera (42 km) eta familiarra edo haurrentzat dena, Sunbillako ikuztegitik (15 km). Bidasoko ibaiaren ibilbidearen zehar paisaia berdeaz gozatzeko parada izanen dute. 7 tunel zeharkatzen dira eta aurten lehenengo aldiz ez dugu ez generadorerik ez linternik beharko, Europako finantziazioarekin eta Nafarroako Gobernuaren kofinantziazioarekin eurovelo 1a egokitzeko mugaz gaindiko proiektuaren barnean, argirik gabe gelditzen ziren bi tunel argitu dira eguzki indarreko sistemekin (bat Endarlatsa aldean eta bestea Igantzi eta Sunbillaren artean). Sunbillan, garbitokiaren ondoan freskagarriak banatuko dira eta bertatik ere aterako da familien martxa. Bertizko Partzuergoak parte-hartze mota hau bultzatu nahi du eta horretarako tarifa familiarrak eskaintzen ditu: 15 euro bi heldu eta haur bat eta 20 euro bi heldu eta bi haur edo gehiago. Tarifa orokorra: 11 euro ibilbide luzean eta 7 euro motzean da (4 euro haurrentzat).
Informazio zehatzagoa lortzeko, partzuergoaren web orria begiratu behar da eta aurten, lehenbiziko aldiz, izen-emateak “on-line” egiten ahal dira.
Antolakuntzak bolondres talde haundi baten laguntza du. Ibilbidearen zehar puntu desberdinetan kokatuko dira, informatzeko eta partehartzaileek ongi pasatzen dutela ziurtatzeko. Bertizko Turismo Partzuergoak denei eskertzen die laguntza, baita enpresa laguntzaileei ere: BKZ, Narbarteko aterpeko dutxak eskaintzeagatik, Oronozeko burrikletak martxa lagunduko dutela, Elizondoko Comercial Galarregui, freskagarriak eta luntxeko produktuak eskaintzeagatik eta Elgorriagako bainuetxea, zirkuitu termalak oparitzeagatik, bukaeran zozketatuko direnak.
Parte hartzaileek garraioa hitzartzeko aukera dute Bertizetik abiapuntura joateko txirrindula eramanda eta nahi badute prezio on batean bazkaria izanen dute Oronozeko Pierresenean. Partzuergoak oroitarazten du eskualdean txirrindulak alokatzen ahal direla, inork parte hartzeko aukera gal ez dezan.