«Inoiz baino arrazoi gehiago» daudela iritzita, grebarako deia egin dute ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta hainbat eragile sozialetako ordezkariek. Irailaren 26rako egin dute greba orokorrerako deialdia, eta deitzaileen arabera, martxoaren 29ko greba orokorraren segida izanen da: «orduan lan erreformari erantzun sendoa eman zitzaion, eta Espainiako Gobernuak uztailean aurkeztu zituen murrizketei ere tamainakoa eman behar zaio». Aitzineko greban ez bezala, CNT eta CFT sindikatuek ere bat egin dute greba honekin.
Mobilizazioak eskualdean
Herri mugimenduak deitua UPNren egoitza parean, murrizketen kontra kontzentrazioa eginen da ortziralean, hilak 21, 19:00etan. LABek deialdiarekin bat egin du, baina ELAk ez.
Irailaren 24an 12:00etan kontzentrazioa eginen da Doneztebeko Enplegu Bulegoaren parean ELA eta LABek deituta. Eta greba egunean, manifestazioak eginen dira herri mugimenduak deituta: Beran Funveratik abiatuko da eta Elizondon Lur dantzalekutik. 12:00etan izanen dira. Arratsaldean, gehiengo sindikalaren manifestazioa eginen da Donezteben, 17:30ean Avia gasolindegitik abiatuta.
LANGABE KOPURUA BIKOIZTU EGIN DA AZKEN BOST URTEOTAN
Langabe kopurua berriz ere igo egin da, eta inoizko abuzturik txarrena izan da eskualdean. Doneztebeko Enplegu Bulegoko datuen arabera, uztailean baino hiru langabe gehiago erregistratu dira abuztuan, eta guztira 1.190 langabe dira, 2003az geroztiko datuak aintzat hartuta, abuztuko hilabetean sekula izan den gehiena. 2004an, adibidez, 478 langaberekin itxi zen abuztua.
Hego Euskal Herrian ere igo egin da langabezia eta 208.477 langabe daude.
Adina eta alorraren arabera
Oraingo 1.190 langabe horietatik, 25 urtetik beheitiko gizonezkoak 81 dira eta emakumezkoak 45. 25 urtetik goitiko gizonezkoak, 529 dira eta emakumezkoak 535. Gainerakoan, zerbitzuen alorrak segitzen du langabe kopururik altuena izaten, 746 lagunekin, industrian 190 langabe daude, eraikuntzan 163 eta nekazaritzan 29. Lehendik lanik gabe zeudenak, berriz, 62 dira.
URTEA LANGABEAK
2003 533
2004 478
2005 633
2006 585
2007 539
2008 595
2009 940
2010 1.105
2011 1.095
2012 1.190
* Abuztuko datuak