Baztan-Bertizarana-Bortziriak-Malerrekako industria-batzordeak eta Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Gobernuarekin garatutako ekintzak aurkeztu dituzte irailaren 19an, Alkaiagako Bidasoa Zerbitzu Zentroan. Aipatu ekintzak gaur egun guttiegi erabiliak diren industria-eremuak erabilera publikoko industria-lurzoru gisa berreskuratzeko izan dira. Alde horretatik, aipamen berezia izan du Legasako industrialdeak. 200.000 metro koadroko eremutik 35.000 bertzerik ez baititu erabiltzen Arcelor Mittal enpresak eta eskualdeko industrialdea izateko baldintza guziak betetzen dituela uste dute alkateek. Ikusi bideoa
Alkaiagan egindako agerraldian, Peio Etxabide Lesakako alkatea, Antonio Erregerena Bertizaranako alkatea eta Garbiñe Elizegi Baztango alkatearekin batera, Jose Mari Aierdi, Cederna-Garalur elkarteko presidentea izan dira.
Bertan agertu dutenez, Bertizarana, Baztan, Bera eta Lesakako udalek osatzen duten Industria Batzordea eta Cederna Garalur elkarteko ordezkariek bilera egin zuten abuztuaren 3an Lourdes Goicoechea, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariarekin eta Jorge San Miguel zuzendari nagusiarekin, eskualdearen egoeraren berri emateko. Bilera horretan, Nafarroako Gobernuari oroitarazi zitzaion 1972n gobernuak berak bultzatu zuela Legasako industrialdea eta parte aktiboa izan zela eskualdearen garapen industrialean. Jardunbide hura ezinbertzekotan jo zen une hartan eskualdeak bizi zuen emigrazioa arintze aldera.
Antonio Erregerena Bertizaranako alkateak adierazi duenez, «gaur, 40 urte eta gero, berriro ere eskatzen dugu, gaur egungo egoera korapilatsua kontuan izanik, Legasako industrialdea suspertzea, Baztan-Bertizarana-Bidasoa-Malerreska eskualde osoaren mesedetan izanen den edozein industria ezartzeko lekurik aproposena izanik».
Garai batean Laminaciones eta gaur egun Arcelor Mittal denak, beraz, 40 urte daramazki Legasan, baina sekula ez du industrialdea bere osotasunean erabili. Legasako lantegia uztekotan ere izan da Arcelor Mittal azken aldian, baina Industria Departamentuko zuzendari nagusiak alkateei eta Cedernako ordezkariei aipatu zienez, «enpresak industrialdean lanean jarraitzeko asmoa du eta instalazioak handitzeko aukera ere bada». Industria batzordea osatzen duten eskualdeko alkateek horren berririk ez badute ere, beraien asmoa ez da enpresaren hedatze hori geraraztea, «baizik eta gaur egun hartuak dauden lursail guztiak kontuan hartuta, %30 baino ez, horren bikoitza ere uztea enpresak egin ditzakeen hedapenetarako. Baina aldi berean, 40 urte igarota eta inolako garapenik egin gabe, alkateen ustez “zentzuzkoa dirudi lur horiek itzultzea eta erabilera publikoa ematea».
Baztanen erabilgarri dagoen lurzoruari dagokionez, Lekarozko Enpresa Campuseko lursailak aprobetxatzeko aukera ere mahai gainean paratu zen, horietan enpresa berriak ezar daitezen.
Bulego ttikiak eta nabeak, ekintzaileei eta enpresei errentan
Lesakako Udalaren eta Cederna Garalur Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena ere sinatu zuten orduan, Alkaiagako enpresa-zentroa kudeatze aldera.
Cederna Garalur Elkarteak 'coworking' filosofiaren barnean eskualdeko enpresei emanen dizkien zerbitzu berriak ere aurkeztu dituzte bidenabarkoan Isabel Elizalde Cederna-Garalurreko zuzendari-gerenteak eta Arantxa Arregik, Bertizarana-Bortziriak-Malerrekako garapen-eragileak; alegia, ekintzaileei eta enpresei bulego txikiak eta nabeak prezio onean alokairuan emanen zaizkie, enpresa berriak sortzea bultzatzeko eta horrekin batera enplegua sortzeko eta baliabide komunak partekatuko dituzte. Nabeak eta bulegoak alokairuan hartuta dauzkaten enpresei dagokienez, egonaldi-urtearen araberako tarifa murriztua ezarriko zaie. Honela, nabeak alokatzeko hilabeteko prezioa metro koadroko 6,50 eurokoa bada, lehenbiziko urtean erdiprezioan eginen da (3,25 euro) eta bigarrenean %25eko murrizketarekin (4,87 euro).
Bulegoen kasuan, hilabeteko tarifa 90 eurokoa da eta hemen ere, lehenbiziko urtean %50eko murrizketa izanen du (45 euro) eta bigarrenean %25ekoa (67,50 euro). Prestakuntza-programak eta topaketak egiteko prestajuntzarako aretoak ere alokatuko ditu Cedernak, baita 10 ekipo informatiko dituen informatika lantzeko aretoa ere.