Nafarroako Gobernuak zenbait udalerriren tokiko azpiegiturak hobetzeko inbertsioak onartu ditu 5,9 milioi euroan. Kopuru horretatik Foru Gobernuak 4,1 milioi euro emango du. Orain onartutako jarduerak 2009-201 aldirako Tokiko Inbertsio Planaren barnean daude, martxoaren 14ko 3/2012 Foru Legeak luzatutakoa. Eskualdean, Iruritan, Leitzan eta Urrozen ur-hornidurarekin zerikusia duten lanak onartu ditu.
Iruritan ur hornidurarako Irurita Soluzioaren bigarren faserako 365.194 euroko inbertsioa egitea onartu du eta 278.538 euroko dirulaguntza emanen du Nafarroako Gobernuak. Ur bilketa berria eginen da Iruritari eta egun soluzio horretan dagoen Lekarozi ur-hornidura handitzeko xedearekin. Gogoratu behar da uda honetan ur-hornidura arazo larriak izan dituztela bi herrietan, baita mozketak eta Udalak agindutako murrizketak ere. Gainera, etorkizunean soluzio honekin bat eginen dute Gartzain, Ziga, Zigaurre eta Arraiozek ere.
Leitzan, edateko ura tratatzeko lekua egokitzeko 770.000 euroko inbertsioa onartu du Nafarroako Gobernuak eta 587.542 euroko dirulaguntza emanen du.
Urrozen, azkenik, goiko sarea konponduko da, 2.100 metroko zati bat berrituz. Guztira 107.507 euroko inbertsioa onartu da eta Nafarroako Gobernuak 72.860 euroko laguntza emanen du.