‘Euskaraz bizi nahi dut’ lasterketak eginen da larunbat honetan Beran, Leitzan eta Elizondon

Ttipi-Ttapa 2012ko ira. 18a, 10:42

Lasterketak Kontseiluak antolatu ditu eta Euskal Herriko 70 bat herritan eginen dira.

Kontseiluak antolatu ditu eta euskaraz bizitzeko nahia adierazteko bertze aukera bat izanen da

Adinaren arabera banatutako ibilbideak prestatu dituzte. Izena aitzinetik www.euskarazbizinahidut.org web orrian eman daiteke, eta egunean berean ere bai. Kasu guztietan, haurrek bi euro ordaindu beharko dituzte eta helduek bortz euro eta Euskaraz bizi nahi dut leloa daraman kamiseta nahi izanez gero, berriz, zazpi euro haurrek eta hamar euro helduek.

Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, gure eskualdean ere Kontseiluak bultzatu duen Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketak eginen dira larunbat honetan, irailak 22. Euskaraz bizitzeko nahia ha­rrotasunez eta elkar hartuta adierazteko bertze aukera bat izanen da, lasterketa herrikoien bidez. Eskualdeari dagokionean, Beran, Leitzan eta Elizondon eginen dira eta haur eta helduentzako ibilbideak prestatu dituzte.

Bera

Bortzirietan lasterketa bakarra eginen da, Beran, eta Berako Euskara Batzordea ari da hori prestatzen burubelarri. Bortz ibilbide izanen dira aukeran, adinaren arabera banatuak. 6 urte artekoentzat 200 metroko ibilbidea prestatu dute, 7-10 urtekoentzat 500 metrokoa, 11-15 urtekoentzat 1.200 metrokoa, 16-18 urte bitartekoentzat 5.000 metro eta 18 urtetik goitikoentzat 5.000 metro emakumezkoentzat eta 7.000 metro gizonezkoentzat. Lasterketa Berako kiroldegi paretik abiatuko da 16:30ean.

Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea eta horretarako hiru aukera izanen dira. Ikastetxeetan banatu diren orriak bete eta irakasleari emanez irailaren 20a baino lehen, www.euskarazibiznahidut.org web orriaren bitartez edo egunean bertan, kiroldegiaren kanpoko aldean. Prezioei dagokienean, haurrek bi euro ordaindu beharko dituzte eta helduek bortz euro eta Euskaraz bizi nahi dut leloa daraman kamiseta nahi izanez gero, berriz, zazpi euro haurrek eta hamar euro helduek. Ordainketa egunean bertan egin beharko da.

Lasterketaren ondotik, zozketak izanen dira eta ekitalditxo bat ere eginen da. Manifestu bat irakurriko da eta bertsolariek eta txarangak ere parte hartuko dute.

Elizondo

Baztanen kasuan, lasterketa Elizondon izanen da eta bi ibilbide izanen ditu. Bata helduentzat, 4 kilometrokoa, eta bertzea 12 urtez beheitiko hau­rrentzat, 400 metrokoa. Bi ibilbideak Elizondoko plazan hasi eta akituko dira, 11:30etik ai­tzinera.

Helduek bortz euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek bi. Bortz euro gehiagoren truke, parte-hartzaileek Euskaraz bizi nahi dut kamiseta lortu ahal izanen dute. Helduen lasterketako lehen hiru ema­kumezko eta gizonezkoentzat sariak izanen dira eta parte-har­tzaile guztien artean opariak zozketatuko dira. Izen-emateak egunean berean ordu erdi lehenagotik hasita edo aitzinetik www.euskarazbizinahidut.org web orrian egiten ahal dira.

Bertze aldetik, Baztango Euskara Ba­tzordeak antolatuta, Euskaraz bizi nahi dut hitzaldia eskainiko du Iñaki Lasa Kontseiluko kideak ortzegunean, irailak 20. 19:00etan izanen da Arizkunenean.

Leitza

Adinaren arabera, hiru ibilbide prestatu dituzte Leitzan. Alde batetik, 2003-2012 urteetan jaio­takoek 800 metro egin be­­harko dituzte, 1997-2002 urteetan jaiota­koek, berriz, 2.250 metro eta 1996an baino lehenagokoek 5.000 metro. 2003-2012 urteetan jaiotakoek 16:30­ean abiatuko dira eta bertzeak 17:00etan, denak ere plazatik. Han hasi eta bukatuko baita lasterketa.

Izena aurretik Maimur edo Astiz liburu-dendetan eman daiteke, eta bestela, egunean bertan plazan. Izena ematerakoan, 1997-2002 urte bitartean jaiotakoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek bost. Dena den, Euskaraz bizi nahi dut leloa daraman kamiseta bat eskuratzeko aukera ere izanen da izena ematerkoan bost euro gehiago ordainduz gero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun