Giro ederrean egin dute Iruñean Ameriketan ibili ziren euskal artzainen besta

TTIPI TTAPA 2012ko irailaren 17a

Laura Igantzi,Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidentea eta bere osaba Beñardo, larunbateko harrera ekitaldian. Utzitako argazkia

Boisetik bereziki etorritako Beñardo Yanci lesakarra goraipatu zuten

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak irailaren 15ean, larunbatean ospatu du artzain 'amerikanoen' urteroko besta. Iruñean Aurtengoa zazpigarren edizioa izan da eta, ohi bezala, hegoaldeko zein iparraldeko artzainak bildu dituzte, giro ederrean.

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak irailaren 15ean, larunbatean ospatu du artzain 'amerikanoen' urteroko besta. Iruñean Aurtengoa zazpigarren edizioa izan da eta, ohi bezala, hegoaldeko zein iparraldeko artzainak bildu dituzte, giro ederrean.

Eguneko egitaraua, San Nicolas elizan gaur egun Leitzako erretorea den eta bere garaian Baztanen eta Lesakan ibili zen Ander Gillegik emandako mezarekin abiatu zen. Ameriketan nahiz Euskal Herrian hildako artzainak gogoratu zituzten eta bereziki elkarteko laguntzaile izan diren Angel Yanci, Dolores Lazkano, Jesus Goldaraz eta Kepa Mallea. Segidan, Iruñeko Gotorlekuko Arma Aretora bisita egin zuten artzainek, Txirdil Fanfarreak lagunduta. Bertan, artzainei harrera egin zieten Iruñeko udaleko eta Nafarroako Parlamentuko alderdi ezberdinetako kideek. Iruñeko alkateak, Herriko Etxearen fatxada zuen plaka bat eman zion Laura Igantziri, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidenteari.

Honek, bestan parte hartzera bereziki Boisetik etorritako Beñardo Yanci osabari omenaldi ttiki bat egin zion. Beñardo Yancik 87 urte ditu eta Elkoko Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen, baita dantza taldearena ere. Akordeoi irakaslea ere izan zen eta Laura Igantzik azpimarratu zuen bezala, «artzainen kolektiboak Ameriketan egin zuen kultur ekarpenaren erakusleetako bat». Igantzik aipatu zuenez, dagoeneko 170 bazkide baino gehiago ditu elkarteak eta hauen ekarpenei esker lanean segitzen dute. Olondrizko Antonio Camposek egindako diru-ekarpenari esker, berriz, Renoko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitatearen laguntzarekin, Estatu Batuetarako Nafarroako emigrazioari buruzko tesia ere eginen dela-eta, «gure ametsetako bat egi bihurtu» dela aipatu zuen Laura Igantzik.

Harrera ofizialaren ondotik, Iturrama eskola publikoko frontoian izan zuten bazkaria eta ohiko highballa dastatzeko aukera ere izan zuten artzainek, Ameriketako oroigarri. Bazkalondoan, Ameriketatik espreski etorritako lagun batzuei mikrofonora hurbiltzeko eskatu zieten eta gainerako bazkaltiarren txalo zaparrada jaso zuten, Bankako Menditarrak taldeak kantua eskaini zien bitartean. Segidan, 87 urteko Erroko Santiago Presto ere omendu zuten, bailara horretako artzainak bilduz hasiera-hasieratik Euskal Artzainak Ameriketan elkartea laguntzen duen gizon prestua. Txapel bordatua jaso zuen, baita Xabier Euzkitzek espreski beretzat idatzitako bertsoak ere.

Eguraldi bikaina lagun, Nafarroako hiriburuan egun ederra pasatu zuten artzainek.

2006an ospatu zen artzain 'amerikanoen' lehenbiziko festa, Lesakan. Hurrengo urtean hitzordu bikoitza egin zen, aldi berean, Gernikan eta Alduden. Bertze edizioak Elizondon, Auritzen, Sunbillan eta Eugi-Zubirin izan dira eta aurtengoa Iruñean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun