Irailaren 26ko grebara deitu dute ELA, LAB eta EHNE sindikatuek

TTIPI TTAPA 2012ko irailaren 17a

Grebarako deia egin zuten ELA, LAB eta EHNE sindikatuek, gazte, emakume, langabetu eta zenbait gizarte arloetako ordezkariak. Utzitako argazkia

Bertze hainbat gizarte eragilerekin egin dute agerraldia Elizondon

ELA, LAB eta EHNE sindikatuek irailaren 26rako grebara deitu dute, joan den ortziralean Elizondon egindako agerraldian. ELAko Joxe Mari Arribillaga, LABeko Koldo Saenz eta EHNEko Mikel Altzuart-ekin batera, Lesaka eta Malerrekako Gazte Asanbladako, Baztango gaztetxeko, Baztango Bilgune Feministako, Bidelagun-eko eta Baztandarren Biltzarreko kideak eta langabetuen ordezkariak izan ziren agerraldian, denak bat eginik Irailaren 26rako Greba Orokorra deitzeko.

ELA, LAB eta EHNE sindikatuek irailaren 26rako grebara deitu dute, joan den ortziralean Elizondon egindako agerraldian. ELAko Joxe Mari Arribillaga, LABeko Koldo Saenz eta EHNEko Mikel Altzuart-ekin batera, Lesaka eta Malerrekako Gazte Asanbladako, Baztango gaztetxeko, Baztango Bilgune Feministako, Bidelagun-eko eta Baztandarren Biltzarreko kideak eta langabetuen ordezkariak izan ziren agerraldian, denak bat eginik Irailaren 26rako Greba Orokorra deitzeko.

Sindikatuetako ordezkariek aipatu zutenez, «aspalditik pairatzen ari garen sistemaren krisi hau, gai laborala izatetik jendartearen kapa guztietara zabaldu da. Jadanik ez dugu ERE-etaz edo kaleratzeetaz bakarrik solas egiten, orain gure etorkizunaren kolore beltzaz solas egiten dugu, bazterketa sozialaz hitz egiten dugu, babes sozialen galeraz hitz egiten dugu, jendartearen guttiengo bat aberasten jarraitzen duen bitartean».

Espainiar estatua erreskatetik hagitz hurbil dagoela gogorarazi ondotik, zoritxarrez horrek zer ekarriko duen ere mahaigaineratu zuten sindikatuetako kideek, «Grezian, Irlandan eta Portugalen aintzinetik ikusi delako: babes sozialaren desagerpena, interes pribatuaren zabaltzea, soldaten jeitsiera, prezioen igotzea... labur erranez, langileak eta langabeak gero eta pobreagoak, eta aberatsak gero eta aberatsago».

Berriki Espainiar Estatuko bankuei 100.000 euro eman zaizkie erreskatatuak izan zitezen, eta diru horren itzulera interesak barne, badakite nondik aterako den; «gure poltsikoetatik. Eta ikusten ari gara nondik atera nahi duen dirua Rajoy-k, osasungintzatik, hezkuntzatik, zergak igoaz, babes soziala gutxituz. Hau da gure pobrezia banketxeen aberastasuna bilakatzen ari da».

Egoera hau bere gordintasunean pairatzen ari direnen lekuko mahainguruan zeudenak paratu zituzten, «langabetuak lana aurkitzeko esperantza urriarekin, bazterketa sozialera kondenatzen ari dira. Gazteak lan merkatuan sartzeko zailtasun izugarriak dituzte eta sartzekotan prekarietatera kondenatuak daude. Emakumeak, jendarte patriarkalaren biktimak izaki, krisia gehien pairatzen dutenak dira, beraien lan baldintzak inoiz baino kaxkarragoak direlako eta langabezian dauden emakumeak hagitz zaila dutelako lan merkatuan sartzea eta sartzekotan sektore feminizatu eta prekarizatuetan».

Egoera hau ez omen da aldatuko, sindikatuek diotenez «baldin eta ez bagara kalera ateratzen eta borrokatzen. Egoera zaila izan arren, alternatibak egon badaude eta horregatik gobernuei orain arte aplikatu dituzten neurrien kontrako norabidean doazen politikak aplikatzea exijitzen diegu: Bankari diru gehiago ez ematea, Euskal Herriko instituzioek murrizketak ez aplikatzea, interes pribatuei bakarrik interesatzen zaizkien makroproiektuak geldiaraztea; AHT... Instituzioek jendartearen beharrak defendatzea, eta gure etorkizunari buruzko eztabaida soziala irekitzea».

EHNEk ere deialdi zabala egiten du irailaren 26an bertze sindikatu eta jendarteko eragilerekin batera irailaren 26ko greban parte hartzera, herritarren, euren elikadura beharren eta nekazarien interesetan eraikiko den bertze sistema ekonomiko eta politiko baten alde elikadura burujabetzan oinarrituko dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun