Transportes Bidasoa-Inurrieta master mailako taldeko txirrindulariek bi txapel eta brontzezko domina bat lortu dute larunbatean Galdakaon jokatu den Euskal Herriko Txapelketan; Luziano Mitxelena lesakarra txapeldun izan da master60 mailan, Ion Zeberio elizondarrak txapela lortu du senior mailan eta Iñaki Villoria Iruritarra 3. Izan da Master40 mailan, aipagarria ere Patxi Meoki elizondarrak (AEL) master50 mailan lortutako txapela.
Laisterketa Galdakaon jokatu zen irailaren 15ean, larunbat goizean eta Transportes Bidasoa-Inurrieta taldea sei txirrindularirekin aurkeztu zen. 91 kilometro zituen frogak, baina laisterketa erdian zegoen master60 mailako helmuga. Master60 mailako garaipenaren lehian, Mikel Arburua igantziarra, Ibon Urtiaga betelutarra, Joxe Angel Mitxelena lesakarra eta Iñaki Villoria iruritarra Luziano Mitxelenaren mesedetan lanean jarri ziren; Luzianok aisa irabazi zuen laisterketa eta horrela bere taldearentzako lehen txapela lortu zuen.
Bigarren erdian bi igoera zeuden eta bertan taldeak Iñaki Villoriaren eta Ion Zeberioren aukerak jokatu nahi zituen. Sarasolako igoeran Zeberio saiatu zen eta bigarren iritsi zen gainera, jeitsieran taldetxoa osatu zen, baina jeitsieraren azken zatian egin zen ihesaldi ona. Iker Zabaleta, Iraitz Goñi, Asier Bajo, Patxi Meoki eta Ion Zeberiok osatu zuten ihesaldia eta Zaratamoko igoerara batera iritsi ziren bostak. Iker Zabaleta eta Asier Bajok aurrera egin zuten jeitsierako zona tekniko batean eta gibeletik Meokik eta Zeberiok bikotea osatu zuten. Azkenean bi lehenengoen artean jokatu zuten garaipena, Zabaleta garaile bihurtuz. Zeberio eta Meoki taldetxo batean helmugaratu ziren, atzetik iritsitako txirrindulariekin. Zeberio laisterketan hirugarren izan zen, senior mailan txapela lortuz, Meoki 6. helmugaratu zen master50 mailan irabaziz. Hurrengo tropeltxo batean ailegatu zen Iñaki Villoria, master40 mailan 3. postua lortuz. Gertu helmugaratu zen Joxe Mari Goia igantziarra, orain gutxi Euskal Herriko BTT Marathon txapelduna izan dena eta Elgorriagako Manolo Ganboa, aurten La Indurain proban garaile izan zena; Ibon Urtiaga pixko bat atzerago helmugaratu zen, berriz Joxe Angel Mitxelenak eta Mikel Arburuak ez zuten froga bukatu, euren taldekideen mesedetan indarrak xahututa.
Transportes Bidasoa taldearentzako txapelketa bikaina izan da eta Galdakaoko sagardotegi batean ospatu zituzten lortutako bi txapelak eta brontzezko domina. Bukatzear dago taldearen lehenengo denboraldia eta emaitzak hagitz onak izan dira, nahiz eta hurrengo urtean aurtengoa hobetzeko lanean segitu beharko duten txirrindualari hauek.