Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak irailaren 15ean, larunbatean ospatuko du artzain 'amerikanoen' urteroko besta. Aurtengoa zazpigarren edizioa izanen da eta, ohi bezala, hegoaldeko zein iparraldeko artzainak bilduko ditu. Aurtengo bilkura Iruñean eginen da eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ere parte hartuko dute ekitaldietan. Hitzordua heldu bitartean, elkarteak argazki erakusketa antolatu du Condestable Jauregian, artzainek emandako irudi eta oroigarriekin.
Dena prest du Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak eta datorren irailaren 15ean artzain 'amerikanoen' urteroko besta ospatuko du Iruñean. Dozena bat lagunek osatzen dute elkartea, gehienak artzainak edo artzainen seme-alabak, baina talde aunitzez zabalagoak erantzunen dio euren deiari, izan ere, azken edizioan adibidez, 700 lagun bildu ziren bazkarira. Aurten bertze hainbertze espero dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, besta egun honetan gogoan izanen dituzte aitzineko edizioetan buru belarri lanean aritu eta urtean zehar hil diren lagunak, horien artean Jesus Goldaraz eta Kepa Mallea. Euskal artzainen datubase zabala osatu zuen Malleak, baina iaz Santutxun erahil zuen bere onean ez zegoen gizon batek, labankadaz.
Egitaraua
Eguneko egitaraua goizeko 10:30ean hasiko da, San Nicolas elizan egingo den mezarekin. Otxote Orbela eta Bankako Menditarrak abesbatzek parte hartuko dute. Segidan, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren erakunde-ekitaldia eginen da: Gotorlekuko Arma Aretora bisita, Txirdil Fanfarreak gidatuta. Eguerdian Iturrama Ikastetxe Publikoan high ball eta bazkaria izanen da, musikak alaiturik.
Larunbateko ospakizunaz gain, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak argazki erakusketa bat antolatu du. Artzainek emandako argazki eta oroigarriekin osatu da erakusketa, eta Iruñako Condestable Jauregian dago ikusgai ortzirala bitarte.
2006ean ospatu zen artzain 'amerikanoen' aurreneko festa, Lesakan. Hurrengo urtean hitzordu bikoitza egin zen, aldi berean, Gernikan eta Alduden. Bertze edizioak Elizondon, Auritzen, Sunbillan eta Eugi-Zubirin izan dira.