Doneztebek ez zuen ezustekorako tarterik utzi eta Markinari hiru partidak irabazita, berriz ere Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketa lortu zuen uztailaren 27an Gallartan (Bizkaia).
Kadeteetan, Doneztebeko Joanes Bakaikoa eta Ruben Medinak 22-11 irabazi zieten Markinako Ion Zubikarai eta Mikel Urizarri. Baina lehen garaipen hori zalantzan izan zen, Medinak pilotakada handia jaso baitzuen buruan eta Doneztebe ordezkorik gabe joan zelako kategoria honetan. Azkenean, lortu zuen bere onera bueltatzea.
Jubeniletan faborito argiak ziren Doneztebekoak, baina uste baino lan gehiago egin zuten. 12-2 irabazten izan ziren Markinakoak, Kepa Albisu eta Alain Pujana, baina pixkanaka buelta eman zioten Ugaitz Elizaldek eta Adur Lasak. 16na berdindu ondotik, garaipena Donezteberentzat izan zen (22-20).
Txapelketa erabakia zegoen, baina seniorretan ere 22-10 irabazi zieten Mikel Maia eta Jon Gorriti doneztebarrek Andoni Malax eta Kepa Castillo markinarrei.
Patxi Ordoki Doneztebeko prestatzailea kontent zegoen bigarren urtez segidan lortutako garaipenarekin eta azpimarratu nahi izan zuen, azken bi urteetan hainbat herrirekin jokatutako azken hamar norgehiagokak bata bertzearen ondotik irabazi dituela Doneztebek, «eta hori hagitz zaila da». Nafarroan pilotaren alde ari diren guztiei eskaini nahi izan zien txapela.