Antonio Alustiza aresoarrak 13. txapela jantzi du Artzain Zakur Txapelketan

TTIPI-TTAPA 2012ko irailaren 11

Artzain Zakur Txapelketan parte hartu zuten artzainak eta zakurrak antolatzialeekin ageri dira, sari banaketaren ondotik.  Aralar Mendi Elkartea

‘Ttiki’ zakurrarekin zazpigarren aldiz jarraian irabazi du

Nafarroako Artzain Zakur Txapelketaren 45. edizioa jokatu zen abuztuaren 26an Uharte Arakilen eta Antonio Alustiza aresoarrak eta Ttiki bere zakurrak ez zuten hutsik egin.

Zazpi artzain aritu ziren lehian hamar zaku­rrekin eta tartean ziren eskualdekoak ere: Antonio Alustiza aresoa­rra Ttiki eta Bat zakurrekin, Joxe Mari Ixtilart amaiur­tarra Lagun eta Bizkor zakurrekin, Jorge Oteiza oronoz-mugairiarra eta Azeri eta Pedro Ansa aranoarra eta Alaiz zakurra. Guztien ar­tean, azken urteetan jaun eta jabe den Antonio Alustiza aresoarra atera zen garaile. Nafarroako bere hamahirugarren txapela jantzi zuen, zazpigarren aldiz Ttiki zaku­rra­rekin irabazita. Are gehiago, bederatzi aldiz jarraian irabazi du aresoarrak. 2004an eta 2005ean Argi zakurrarekin irabazi zuen, eta geroztik Ttikirekin. Gainera, azken garaipen honi esker txapelketa gehien irabazi duen artzain zakurra bilakatu da.
 
Bigarren postua ere eskualdera etorri zen, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza eta Azeri bere zakurrarentzat izan baitzen. Hirugarren postua Etxarri-Aranazko Jesus Errazkin eta Neskarentzat izan zen eta laugarren, bosgarren eta seigarren postuak ere eskualdera etorri ziren, baita zortzigarrena ere: laugarren postua Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra­ eta Lagun zakurraren­tzat izan zen, bosgarrena Antonio Alustiza aresoarra eta Bat zakurrarentzat,  seigarrena Pe­dro Ansa aranoarra eta Alaiz bere zakurraren­tzat eta zortzigarrena Jose Mari Ixtilart eta Bizkor zakurrarentzat. Txapelketan parte hartu zuten bertze artzainak Antonio Huarte (Lagun eta Argi zakurrekin, zazpigarren eta bedera­tzigarren) eta Javier Fernandez (Lunarekin hamargarren) izan ziren.
 
Bertzelako sariak ere izan ziren Uharte Arakilen. Ansak, erraterako, hobekien jantzitako artzainaren saria jaso zuen. Arraza hoberenaren bigarren saria, be­rriz, Amaiurko Ixtilarten Lagun zakurrak eskuratu zuen.
 
BERTZELAKO SARIAK
 
Uharte Arakilgo Artzain Egunaren barne, bertze hainbat lehiaketa ere egin ziren eta sarituetako aunitz eskualdekoak izan ziren­.
 
Ardi latxaren lehiaketa morfologikoan, mutur zuriko ardietan Iturengo Isidro Bazte­rrika nagusitu zen, eta bildotsen mutur beltzeko kategorian Arizkungo Irigoien Rekartek irabazi zuen. 
 
Ardi latxaren esneki errendimenduaren lehiaketan, 2 urtetik goitiko mutur zuriko ardietan, Urdazubiko Xabier Bengoetxeak irabazi ­zuen. Eta 2 urtetik beheitikoetan, mutur bel­tzen kategorian, Elizondoko Maria Jesus La­rratxea nagusitu zen eta mutur zurikoetan Azpilkuetako Juan Jose Irungarai. 
 
Ardi latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketan ere izan ziren eskualdeko sarituak: Urdazubiko Manuel Bengoetxea bigarren izan zen eta Leitzako Jose Jabier Sestorain bosgarren.
 
DATUA

9

TXAPEL 
irabazi ditu jarraian Antonio Alustiza aresoarrak, lehen biak Argi ­zakurrarekin eta gainerako zazpiak Ttikirekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun